Egungo gizarte-errealitateari erreparatuta, bistakoa dugu euskararen ezagutzak ez duela beti bermatzen erabilera, eta harenganako jarrera ona izateak ere ez dakarrela berarekin hiztun aktibo izatea. Errealitate hori ikastolen ibilbidean aspaldi nabarmendu bazen ere, egun are eta orokortuagoa ageri zaigu.

Ikastolen Elkarteak aisiarekiko duen begirada bi norabidetan garatzen da: batetik, aisiak duen ezaugarri hezitzaile eta pedagogikoan eta, bestetik, komunitatearen baitan aisiak duen indar kohesionatzailean.

Ikuskera hori xedetzat hartuta, ikastoletan garatzen diren aisia-ekimenetan bereziki erreparatzen zaio euskaraz bideratuak izateari eta euskal kulturan errotuta egoteari. Era berean, ahalegin berezia egiten da Ikastolen Elkartetik helburu eta osagai horiek gizartean antolatzen diren bestelako aisia-eskaintzetan ere txerta daitezen. Hala, ikastolen ahalegina soilik ez baino, gizarte osoarena izatera iritsi dadin; azken finean, bada ageriko ahalegin bat, ikastolaren eta gizartearen artean elkar elikatze esanguratsua gerta dadin.

Ikastolen Elkartearen aisiarekiko begiradan sakontzeko, lehenik, aisialdia eta astialdia terminoen arteko desberdintasuna egin behar da. Astialdia denbora librea da; aisialdia, berriz, denbora libre hori betetzen duen antolaturiko jarduera. Horrela, ikastoletara  bideratzen den aisialdi-eskaintzaren xedea ikaslea denbora librearen erabilera egokian heztea da. Alegia, gazteak konformismotik eta globalizaziotik urrunduz, ikuspuntu kritikoan hezi nahi ditu, norberaren ikuskeraren arabera, denbora librearen erabilera subiranoa egitera irits daitezen.

Apirilaren 4an, Bastidan, ikasle topaketa burutuko dugu. Periferian dauden ikastoletako eta aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletako 14-16 urte bitarteko gazteen arteko trukaketa izango da. Hala izanik Arabako San Bizente eta Assa Ikastoletako ikasleak izango dira bertan, Bizkaiko Zubi Zahar Ikastolakoak, Nafarroako Argia Ikastolakoak eta Iparraldeko Etxepare Lizeokoak. Haiekin batera, 2025eko ikastolen jaien antolatzaile diren ikastoletako ikasleak: Bastidakoak (Assa), Elgoibarkoak, Atarrabiakoak (Paz de Ziganda) eta Galdakaokoak (Eguzkibegi).



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia