Gure laugarren Nafarroa Oinez festarekin, 53 urteotan bultzatu dugun hezkuntza-proiektua zabaldu nahi dugu, baina gaur egungo erronka berriei helduz. Gure festa, euskaltzaleon topagune paregabea izateaz gain, aldarrikapen batzuk egiteko bozgorailua izango da. Horretaz gain,  Nafarroa Oinez honetan lortzen denarekin, berritze lan batzuk ere eginen ditugu.

  • Euskararen arnasgune: Gaur egun euskararen erabilera moteltzen ari dela ikusita, gero eta estrategikoagoa da euskararen arnasguneetan dauden ikastolen lana, eta gero eta garrantzitsuagoa da Nafarroan euskalkia bizi-bizia duten herrien eredua. Euskararen bultzada apaldu dela sumatzen dugu, eta horretan Andra Mari Ikastolak zirikatzaile izan nahi du.
     
  • Izaera publikoa: Sekula baino gehiago, ikastolen izaera publikoa aldarrikatu nahi dugu. Gurea proiektu herrikoia da, kooperatiboa, autogestionatua, eta auzolanean oinarritua. Gurea era berean, proiektu anitza eta inklusiboa da eta izan nahi du. Gure buruaren jabe gara, gure curriculuma dugu, eta gure gestio-eredua daukagu.
     
  • Hezkuntza-proiektu eraldatzailea: Andra Mari Ikastola belaunaldien arteko kateari eusten dion komunitate sendoa da. Ikastola gaur egungo ikasleen aitona-amonek sortu zuten, eta gaur egungo gurasoak ikasle ohiak dira. Kalitatezko hezkuntza-proiektu eraldatzailea izateko sortu zen, eta enbor beretik jarraitzen dugu.
     
  • Obrak: Aldarrikapen horiek egiteaz gain, festa hau baliatuko dugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinean hobekuntzak egiteko. Bide batez esanda, Andra Mari Ikastolak biltzen dituen herrietan dagoen DBHko eraikin bakarra. Eraikina 1965ekoa da, eta gabezia nabarmenak ditu. Batetik, irisgarritasun arazoak ditu, eta horiek konpontzeko igogailu bat eta arrapala bat egiteko asmoa dago. Bestetik, eraikinak isolamendu eskasa du, eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko lanak behar ditu: teilatua eta paretak isolatu, eta leiho berri batzuk jarri. Berogailu sistema ere aldatu nahi da, efizienteagoa izan dadin. Eta, amaitzeko, aldagelak eta dutxak ere hobetu behar dira.