2025/10/19

 

 

Antolatzaileak pozik agertu dira jardunaldiaren bilakaerarekin. Ezarritako helburuak lortu egin dira, eta arrakastaz egin zaio aurre antolakuntza-erronka handi honi. Bereziki eskertu nahi izan dute festa kolektibo handi hau posible egin duten boluntario, parte-hartzaile eta erakunde guztien laguntza, ikastolen ezaugarri den elkarlanaren isla zintzoa izan baita.

Eguna tenperatura atseginarekin igaro da, eta eszenatoki ezin hobea sortu dute musikaz, dantzaz eta kulturaz gozatzeko prestatutako hiru jai eremuetan

Goizeko 10:00etatik aurrera, adin guztietarako jarduera egitarau oparoak energia bizirik mantendu du une oro. Haur, gazte eta helduek kontzertuez, ikuskizunez, dantzez, herri-kirolez eta jarduera parte-hartzaileez gozatu dute.

Programazio artistikoa izan da jaiaren ardatz nagusietako bat.

1. gunean Erraldoien konpartsa, ETB Go!azen, Motxila 21, Trikidantz eta Gozategi aritu dira, publikoa beren energiaz berotuz.

2. gunean, Ortzadar dantza taldea, DJ Isma, Kantu Salda, Herri Kirolak, erraldoiak, Korrontzi eta Biziraun izan dira protagonista.

Azkenik, 3. eremuak Xaibor, Sorotan Bele Gogoan Mutrikuko musika bandarekin, Rebel Noise, Nafarroa 1512 eta Oihan Vega bildu ditu, egun osoa erritmoz eta zirraraz bete duen lehen mailako kartela osatuz.

Musikaz gain, une gogoangarrienetako bat Erronka lehiaketa izan da. Nafarroako hainbat ikastolatako ikasleek hartu dute parte. Talde-lanean oinarritutako norgehiagoka sanoarekin, ekitaldiaren espiritu parte-hartzaile eta jai-giroari balioa eman zaio.

Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, bai bertaratze jendetsuari dagokionez, bai egunaren bilakaera errazari dagokionez, gorabehera aipagarririk gabe. Biziz eta garraio publikoa erabiliz hurbiltzeko gonbiteak izan duen jarraipenarekin ere pozik azaldu dira, 500 bat txirrindula bildu baitira aparkaleakuan eta villavesak indartu behar izan dira. Atarrabian hain berezia izan den Nafarroa Oinez hau errealitate bihurtzeko ahalegin kolektiboa ere azpimarratu nahi izan dute.

Azken adierazpenean, arduradunek eskerrak eman dizkiete jaiaz gozatzera eta euskara eta ikastolak babestera hurbildu diren guztiei. Era berean, arduradun politikoei ausardia eskatu diete berriro ere, egungo zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika ausart, integral eta eraginkorra bultzatzeko.

Azkenik, antolatzaileek euskararen sustapenean buru-belarri jarraitzera animatu dute gizarte osoa, eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak eta Vianako Erentzun Ikastolak antolatuko duten Nafarroa Oinez 2026an parte hartzera gonbidatu dute.

.



 



Itzuli
Atarrabiak milaka lagun bildu ditu euskararen alde Nafarroa Oinez 2025 historiko batean #1 Atarrabiak milaka lagun bildu ditu euskararen alde Nafarroa Oinez 2025 historiko batean #2

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia