2022/01/24

LIBURU IBILTARIA 2022

2021eko ikastolen jaiek, era bateratuan jorratu zuten jarduera programa sortu zuten. Jarduerak era askotarikoak izan ziren. Izan ere, literatura, kirola, jolasa, musika, dantza eta artea izan ziren antolatutako ekimenen oinarri, beti ere auzolana bidelagun hartuta.

Urtea amaituta ikastoletan egin den balantzea oso baikorra izan da, eta hortaz, aurtengoan jarduera programa bateratuaren 2. edizioari ekin diote 2022ko ikastolen jaien antolatzaile diren ikastolek.

Liburu Ibiltaria deritzon ekimenarekin eman zaio hasiera aurtengoari. Joan den ikasturtean egin zen modu berean, ikastolen jaien antolatzaile diren ikastolez gain beste hainbatek hartuko dute parte. Izan ere Euskal Herri luze zabaleko 28 ikastoletako DBH 3ko ikasle arituko dira sormena eta elkarlana oinarri dituen ekimen honetan, eta hortaz, ehunaka egile izango ditu aurten ere liburuak kontatuko digun istorioak.

Egitasmoak DBHko ikasleak aintzat hartuta, praktika erakargarria mahairatu nahi du, euskaraz ongi pasatu, esperimentatu eta sormena lantzeko helburuaz. Halaber, Euskal Herriko ikastolen arteko elkarlana sustatu nahi da ikasleak euskararen baitan murgilduz. Euskalgintzari ere esperientzia bat, eredu bat eskaini nahi zaio.

Aurtengoan Liburu Ibiltariak Ibilaldia jaiaren antolatzaile den Bilboko Abusu Ikastolan hasi du bere bidaia. Bizkaiko beste bost ikastola bisitatu ostean Arabara egingo du salto, bertako lau ikastoletako ikasleak hartu eta landuko dutelarik. Iparralderako txanda ondoren, bi ikastoletan jorratuko dute. Gipuzkoako hamar ikastoletako ikasleek estaliko dute bidaiaren laugarren etapa. Liburuari amaiera Nafarroan emango zaio, aurtengo Nafarroa Oinezen antolatzaile den Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolan hain zuzen. Aurretik, beste bost ikastola bisitatuko ditu Nafarroan barna. Liburua ikusgai izango da urriaren 16an, Oinez egunean, Tafallako Ikastolan bertan.



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak