2022/03/10
Nafarroa Oinezek, “Txikiak Handi” izendatutako proiektuaren bitartez, hizkuntza gutxituen eskubideak aldarrikatu nahi izan ditu. Hala, Maputxe, Amazigh, Kiche, Quechua, Tutunaku, Nahuatl, Nasa, Guaraní, Quichua, Maya yucateco eta Tseltal-a bezalako hizkuntzen hogei bat aktibista Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolara gerturatu dira.
Ekimena Garabide Elkartearekin batera eraman dute aurrera; euskara eta haren esperientzia oinarri izanik, hizkuntza gutxituen biziberritze-planak bultzatzen dituen elkartea, alegia. Hain zuzen ere, Garabideren helburua euskararekin ezarritako estrategia arrakastatsuak bestelako herrialdetan zabaltzea da, beti ere bertako errealitatera egokitu beharko direnak.
Zentroak adierazi duen legez, “Ikastolarentzat ohore handia da honelako bisita izatea eta haiekin harremanak sortzeko aukera izatea. Izan ere, uneoro badugu zer ikasi eta zer irakatsi”. Honekin batera, zera gehitzen du: “Nafarroa Oinezen ospakizuna aukera paregabea da munduan barna hedatzeko eta hizkuntza guztiei errespetua zor zaiela aldarrikatzeko”.
Zehazki, goizeko 10:00etan ordezkariei ongietorria eman zaie aurresku baten bitartez; eta, jarraian, “Txikiak Handi” manifestua sinatu dute.
Gainera, ikastola bisitatzen zeuden bitartean, ikastetxeko zuzendaria den Paula Arreguik gonbidatuei Ikastolaren historia laburra eta zentroko hezkuntza proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie.
Ikastolako Erraldoien Konpartsaren emanaldiaren ostean, bigarren hezkuntzako eraikinera abiatu dira eta bertan, ikasgeletan banaturik, ikasleek hiztunen esperientzia ezagutzeko aukera izan dute, baita galderak egiteko aukera ere.
Era berean, datorren astean “Txikiak Handi” manifestua sinatzeko kanpaina martxan jarriko da. Manifestua 2009an Andra Mari Ikastolak sortu zuen (2010ean proiektu gisa egonkortu zen) eta, geroztik, milaka atxikimendu lortu ditu.
Laburbilduz, “Txikiak Handi”-k hizkuntza gutxituen normalizazio-prozesuaren aldeko sinadurak bildu nahi ditu; manifestuaren bitartez, hizkuntza horien legezkotasuna eta eremu guztietan erabili ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko asmoz.
Manifestua honako web-orrian sina daiteke: https://www.nafarroaoinez.eus/txikiakhandi/contenido.asp?IdContenido=6
Atxikipena oso erraza da: Izen-deiturak eta helbidea elektronikoa sartzea beharrezkoa da. Sinatzailearen herria eta, elkarte bateko kide izatekotan, elkartearen izena ere gehitu daitezke. Gure helburua 5.000 atxikimendu lortzea da.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU