2017/10/15

Euskal Herri kanpotik Lesakara etorri eta beraien seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omendu ditu aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinezen. Esker ona adierazi nahi izan diete eguerdian Harriondoa Kultur Etxean egin den ekitaldian. Horretaz gain, IKA euskaltegi sarea ere omendu nahi izan du NIEk eta Txikiak Handi manifestuaren sinadura ekitaldia ere egin dute.

Estitxu Fernandez Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak, Andoni Oilokiegi kitarra jolearekin batera aurkeztu duen ekitaldian, lehenik eta behin Txikiak Handi manifestua sinatu dute Aran bailaratik etorri diren kideek. Izan ere, Nafarroa Oinezen Txikiak Handi ekimenak aurten Araneko Les herriko Alejandro Casona ikastetxearekin eraiki du zubietako bat eta araneraren eta euren kulturaren aldarrian sinatu dute Lesakan hitzarmena. Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen ekimenaren garrantzia azpimarratu du Lesakako Nafarroa Oinezen proiektua bultzatu duten Maddi Tabernak, Jose Emilio Txoperenak eta Markel Maiak. Nafarroa Oinez besta bidelagun, euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea lortzeko ahaleginean jasotzen ari diren fruituez ere mintzatu dira.

Egindako lan hori guztia eskertzeko hartu dute ondotik hitza Kataluniako Vall D’Aranetik Nafarroa Oinezera etorritako aranerako bi hiztunek, Rosa Aragonés eta Maria Puyolek. Araneraz gain, Venezuelako Orinoco ibaiaren arroko makiritare hizkuntza ezagutzeko elkarlana ere egin du aurten Nafarroa Oinezek. Horretaz gain, irailean Irlandarrak izan ziren bisitan, eta irlandera edo Irlandako gaelikoaren egoera hurbilagotik ezagutzeko aukera izateaz gain, Txikiak Handi manifestua sinatu zuten orduan.

 

12 familia omenduak

Ondotik, omenaldien txanda etorri da. Zehazki Tantirumairu ikastolan seme-alabak matrikulatu zituzten eta omenaldia jaso duten hamabi familia horiek komunean duten ezaugarria hauxe da: bertako ikasle izan direnen eta direnen gurasoak Euskal Herritik kanpokoak izatea, bai ama baita aita ere. Oilokiegi kitarra joleak ‘Aceituneros de Jaén’ jo, eta Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea bertsolariek ‘burdinaren, fabrikaren eta etorritako familien inguruko solasak hedatzen zituzten bitartean igo dira hauek oholtzara.

Honela, Garrido Fuentes (Andaluzia, Katalunia), Garcia Terán (Leon), Hidalgo Hidalgo (Avila), Linares Vaquero (Salamanca, Palentzia), Terreros Lavín (Errioxa, Kantabria), Da Costa Silva (Brasil), Asto Huaman (Peru), Cabezas Tojo (Andaluzia), Ruiz Ramirez (Andaluzia), Machado De Souza (Uruguai), Ruiz Carmona (Andaluzia) eta Marton (Errumania) familiek jaso dute aurtengo Nafarroa Oinezen logotipoa irudikatzen zuen oroigarria. Belinda Linares Vaquero ikasle ohiak solastu du familia horien guzien izenean. Eskerrak eman nahi izan dizkie gurasoei “ikastolan matrikulatzeko apustu hori egiteagatik, eta euskaldun izateko aukera emateagatik”.

Gainera, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik, IKA euskaltegi sareak ere jaso du bigarren omenaldia euskalduntzean egindako lana txalotzeko. Horretarako, IKAko kide eta euskaltzale sutsua den Sagrario Aleman izan dugu omenaldian. Harekin batera Bortzirietako IKAko bi kide izan dira, Beñardo Goietxe eta Monika Agirre; izan ere, urteak daramatzate gure eskualdean euskara sustatzen.

Sagrario Alemanek ere esker oneko solasak izan ditu bortziritarrentzat eta lesakarrentzat, “IKArekin erakutsi duten eskuzabaltasunarengatik eta proiektuari emandako babesarengatik. Lesaka euskararen arnasgune bat da eta guretzat ere halaxe da. Ikastolak haurrentzako eta guk helduentzako, bikin bat egiten dugu euskararen normalizazioaren bidean”.

Heldu den urteko Nafarroa Oinez besta antolatuko duen Altsasuko Iñigo Aritza ikastolari lekukoa emateko ordua ailegatu da ekitaldiaren hondar minutuetan. Estitxu Fernandezek eta Iñigo Olaetxeak, Sakanakoei ohore eginez Ama Erkudengoko doinuan bertsoak kantatu dituzte eta Nafarroa Oinezen lekukoa eman diote lehenik Amaia Lasheras eta Aitor Iratzokik Mikel Asiain NIEko ordezkariari eta hauek, segidan, Altsasuko ikastolako ordezkariei, Ibai Iriarte zuzendariari eta Eneida Carreño presidenteari. Aipatzekoa da Lesakatik Altsasurako bidea, lekukoarekin oinez mendiz mendi egiteko asmoa dutela datozen asteetan Iñigo Aritza ikastolakoek.

Halere, oraindik ekitaldiz eta jardueraz betetako arratsaldea dugu aitzinetik.

Bikin bat in!



Itzuli
Seme-alabak Lesakako ikastolan heztea erabaki zuten Euskal Herritik kanpotik etorritako gurasoak omendu ditu Tantirumairuk Seme-alabak Lesakako ikastolan heztea erabaki zuten Euskal Herritik kanpotik etorritako gurasoak omendu ditu Tantirumairuk

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia