2017/07/29

Mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituen Oinez Gailurra ekimena aurkeztu dute Lesakan

Aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolari dagokio urriaren 15ean Nafarroa Oinez antolatzea, eta horrekin lotuta, ilusio bereziz paratu du jada martxan Oinez Gailurra egitasmoaren edizio berria. Honen aurkezpena egin zuen Tantirumairu ikastolak ortziralean Lesakako eraikinenan. Eta ondotik, Gregorio Ariz mendigoizaleak bertze urteetako edizioetako irudiekin eta herriko mendizaleek utzitako mendiko argazkien erakusketa eta Fidel Ordoki argazkilariak prestatutako diapositiben emanaldia egin dute Beti Gazte elkartearen eta Nafarroako Mendi Federazioaren laguntzarekin.

Ekimena zer den azaltzeko, Beñat Maia Oinez Gailurrako kidea, Maria Luisa Etxeberria Tantirumairu Ikastolako zuzendari ordea eta Joseba Lasarte Nafarroa Oinezeko koordinatzailea izan ziren aurkezpenean eta Bortzirietako mendi taldeen babesa izan zuten. Hain zuzen, Lesakako Beti Gazteko mendizaleekin batera, Arantzako Ekaitza, Berako Agerra, Larun, Manttale eta Gure Txokoakoak, Etxalarko Zanpingorri eta Igantziko Biltokikoek ere bat egin nahi izan dute Oinez Gailurra egitasmoarekin.

 

2014ko Nafarroa Oinezek sortua Zangozan

Ekimena Zangozako guraso talde baten eskutik sortu zen, 2014ko Nafarroa Oinezen harira. Euskara mendizaletasunarekin uztartzea otu zitzaien, gure kulturan horren erroturik dagoen mendi-ohiturarekin, alegia, eta bistan da proiektuarekin bete-betean asmatu zutela. Aunitz eta aunitz izan baitira gailurrerako bidean lagun izan direnak: batzuk proiektua garatzen lagundu dute, Juan Mari Feliu mendigoizale eta idazlea eta Gregorio Ariz mendigoizaleak, bertzeak bertze; bertze batzuk babesa eman dute, hala proiektuaren finantziazioan lagunduz, nola mendi gailur eta ibilbideak babestuz.

Ehunka euskaltzale eta mendizalek Oinez Gailurra proiektuaz gozatzeko aukera izan dute azken hiru urteotan Zangozako Ikastolaren, Baztan Ikastolaren eta Erentzun eta Ibaialde Ikastolen ekimenari esker. Izan ere, euskara eta mendizaletasuna uztartzen dituen proiektu honekin 337 gailur eta 5 ibilbide babestu dira dagoeneko munduan barrena euskara eta ikastolen alde. Aurten ere, nahiz eta aurkezpen ofiziala ortziralean egin, dagoeneko 16 gailur babestu dira eta horietatik 9 igo ere egin dituzte mendizaleek. Lesaka inguruko Bianditz edo Mendaur mendietan ez ezik, Tozal de Guaran, Jurramendin, Iheltz-Fazeria-Irulegi-Lerrutz ibilbidean edo Pirinioetako Monte Perdidon, Petretxeman edo Hiru Erregeen Mahaian ere harro erakutsi dute, banaka, binaka, familian edo lagun taldean joandako mendizaleek. Seguru hemendik aitzinera ere hainbat kaskotan edo ibilbidetan agertuko dela Oinez Gailurraren ikurra.

 

Oinez Gailurra munduan zehar

Oinez Gailurra ekimena Nafarroan jaio bada ere, Euskal Herritik kanpoko mendi gailur anitzetara iritsi da, errate baterako, Mexikoko Citlaltépetl sumendira, Austriako Wildspitze mendira edo Greziako Olimpo mendira. Proiektuak hasieratik izan baitu euskaltzale eta mendizaleen berotasuna.


Gailurrak eta ibilbideak babesteko hamar urrats

Gailurra zein eskalada-bidea babesteko egin beharreko 10 urratsak azaldu zituen Oinez Gailurrako Beñat Maiak aurkezpenean:

1. Euskararekin bat egin eta Tantirumairu Ikastolari nire laguntza eskaini nahi diot.

2. Babestu gailurra.

3. Aukeratu gailurra edota eskalada-bidea.

4. Aukeratu igoera egiteko eguna.

5. Aukeratu babes mota eta egin ordainketa www.nafarroaoinez.eus webgunearen bitartez.

6. Zure etxean Oinez Gailurra zapia jasoko duzu.

7. Igoera egin aukeratutako egunean.

8. Gailurrean argazkia atera edo bideoa egin zapia erakutsiz.

9. Igorri posta elektronikoz argazkia: argazkiak@oinezgailurra.eus

10. Eskerrik asko proiektu honetan parte hartzeagatik!



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia