eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 157

Albisteak

2021 MAR 29

Oinez Basoa ekimena sinatu dute Antzin, Barindano eta Lizarrako udalek eta Lizarra Ikastolak

 

Nafarroa Oinezen 10. basoa abian da. Antzin, Barindano eta Lizarrako Udalek eta aurten Nafarroa Oinez antolatzen ari den Lizarra Ikastolak akordioa sinatu dute Oinez Basoa ekimena garatzeko.

Estellerrian Natura 2000 sareari lotuta Ega-Urederra ZEC deiturikoa topa dezakegu, Kontserbazio Bereziko Eremua alegia. Espazio Natural hau abiapuntutzat hartuta, beronen Gestio Planak jasotzen dituen helburuak garatzen lagunduko duten esku hartzeak planteatu dira aurtengo Oinez Basoari dagokionez, bertako landaretzaren berreskurapenaren aldeko landaketak, hain zuzen ere.

Azken hamarkadatan bi ibai hauen ertzetan, beste ibai askotan gertatu den bezala, makal-klonen landaketa produktiboak egin dira, bertako landaretzari ibai ertzetako zerrenda estuak utziz eta biodibertsitatea pobretuz. Ezaugarri hauek dituzten bi eremu landuko ditu aurtengo Nafarroa Oinezek, egoerari buelta emateko asmoz.

Batetik Barindano herrian, bertako Kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa izan duen partzela batetan bertako espezieak hartuko dituen landaketa egingo da Uiarra-Urederra ibaien elkartze puntuan. Makal produktiboen ordez bertako makalak, haltzak, hurritzak, basaranak, elorriak eta beste landare batzuk landatuko ditugu hektarea pasatxo duen eremuan.

Bestalde, Antzin herrian, bertako Udalaren eskutik, berriki saldu eta moztu den makal-klon landaketa bat dugu. Eremuak hartuko duen landaketa berriari dagokionez, zati bat erreserbatuko da hezkuntzari begira. Zati honetan ibai ertzetako landaretzaren garapenean parte hartzen duten landare serial guztien ordezkariak landatuko dira, eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izanen dutelarik.

Azkenik, eskualdearen buru den Lizarrako hirian, Oinez Basoa 2021 ekimena osatuko duen ekintza xume bat garatuko da. Horrenbeste mehatxu pairatzen dituzten saguzarren kontserbazioa bermatzeko, Los Llanos parkean beraientzat diseinatutako habi bereziak jarriko dira kokapena ezberdinetan.

Sinatze ekitaldietan Isaac Corres López, Antzingo alkatea, Yolanda Arana Martínez, Barindanoko Kontzejuko presidentea, Koldo Leoz Garciandia, Lizarrako alkatea, Elena Zabaleta Andresena, Nafarroako ikastolen Elkarteko presidentea eta Unai Gardoki Alkorta, Lizarra Ikastolako presidentea izan ziren.

2021eko edizioak jarraipena eman nahi dio 2008an sortutako proiektuari. Urte hauetan guztietan 9 baso sortu dira, Arbizu, Tafalla, Tutera, Zangoza, Baztan, Andosilla-Sartaguda, Lesakan, Altsasun eta Arguedasen. Hamalau urteko ibilbide horretan 50.000 mila zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroan.