eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 135

Albisteak

2020 OTS 26

OINEZ BASOA 2019 HITZARMENA SINATU DA

2008an ametsa besterik ez zen asmoak, bederatzigarren basoa hartuko du bere magalean sarri. Arguedaseko Udalak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta 2019ko Nafarroa Oinez antolatu zuen Argia Ikastolak berriki sinatu dute hitzarmena.

Ekimena Nafarroako Erriberan balio sinboliko handia duen Yugoko mendilerroan gauzatuko da. Nafarroako Erriberako ia 500 metroko altitudera iristen den mendilerro apurretako bat da; inguruko paisaiaren ezaugarriak ditu, eta Bardeako Natur Parkearen nahiz Ebro ibaiaren ikuspegi ikusgarriak.

Arguedaseko Udalaren laguntzaz aurrera eramango den ekimenaren bitartez, zenbait helburu lortu nahi ditu Argia Ikastolak: abelbideek ondare immaterial gisa duten balioa azpimarratzea eta ermitatik gertu dauden pinudietan eta inguruko hegaztien biodibertsitatea sustatzea. Hau dela eta, ermitako sarbidean, abelbidea dena, arteak landatuko dira lerroan, ingurumen alderdiak ez ezik, paisaiarekin loturikoak hobetuko direlarik; Alepo pinuak nagusi diren eremuetan zenbait esku-hartze burutuko dira zuhaitz eta zuhaixka barietatea areagotuz, hartara, heldutasun maila eta baso naturaltasun handiagoak lortuko dira; azkenik, hegazti eta saguzarrentzat habia-kutxak paratuko dira.

Argia Ikastolak sortzen duen bigarren Oinez Basoa da Arguedasekoa, 2013ko Nafarroa Oinez ekimenaren bitartez, Tuterako Udalarekin elkarlanean, sortu baitzuen lehena Soto de los Tetones deritzon eremuan. Ibaiertzeko basoa hartu zuen bere gain ekimenak orduan.

2019ko Oinez Basoa edizioak jarraipena eman nahi dio 2008an jaiotako proiektuari. Urte hauetan guztietan zortzi baso sortu dira, Arbizun, Tafallan, Zangozan, Tuteran, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan eta Altsasun. Hamar urteko ibilbide oparoa.

Landaketa Oineza ospatu ondorengo neguan egin ohi da, hortaz, oraindik data zehatzik zehaztu ez bada ere, aurki ospatuko da Arguedaseko Oinez Basoaren mustutze ekitaldia.