eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 123

Albisteak

2019 URR 11

OINEZ BASOA 2019 - TUTERA

Oinez Basoaren aurtengo edizioa Arguedaseko Udalarekin elkarlanean egiten ari da, Nafarroako Erriberan balio sinboliko handia duen leku batean: Yugoko mendilerroan. Gure herrialdearen hegoaldean ia 500 metroko altitudera iristen den mendilerro apurretako bat da; inguruko paisaiaren ezaugarriak ditu, eta Bardeako Natur Parkearen nahiz Ebro ibaiaren ikuspegi ikusgarriak.

Argia Ikastolak eta Arguedaseko Udalak adostu dutenez, ingurumen proiektu hau hainbat baso-teknikariren gainbegiraketa eta aholkularitzapean egingo da, proiektu zabal eta berri bat egiteko helburuarekin.

Zehazki, Yugoko Ama Birjinaren Ermitaren inguruan egingo da esku-hartzea, eta, hiru lan egingo dira:

  • Abelbideek ondare immaterial gisa duten balioa azpimarratzea (Nafarroako Erriberak gaur egun duen egitura abelbide horien ondorio da neurri handi batean); horretarako, ermitarako sarbidean (abelbidean) arteak landatuko dira lerroan, ingurumen alderdiak ez ezik, paisaiarekin loturikoak hobetuz.
  • Biodibertsitatea sustatzea ermitatik gertu dauden pinudietan. Horretarako, une honetan alepo pinuak nagusi diren lekuetan hainbat esku-hartze egingo dira zuhaitz eta zuhaixka barietatea handituz; horren helburua da heldutasun maila eta baso naturaltasun handiagoak lortzea.
  • Inguruan hegaztien biodibertsitatea sustatzea, hegaztientzat (txolarre, kaskabeltz, eta beste batzuentzat) eta saguzarrentzat habia-kutxak jarrita.