Hain egunerokoa den aditz horrek indar handia duela iruditu zaigu eta, gainera, hainbat adiera dituen hitza da, horietako askok Zangozako Ikastolak 2024ko Nafarroa Oinez egiteko proposatu dituen helburuak oso ondo biltzen dituztelarik.
PIZTU!, SUSTATU!
SUSTATU Kalitatezko hezkuntza!
Ikastetxe baten helburu nagusia ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da. Horretan ari gara eta horretan jarraitu nahi dugu. Jasotako sariak ez dira kasualitate hutsa. Aldi berean, ikastola garen aldetik, gure hizkuntzari bultzada ematen jarraitu behar dugu, beraz, PIZTU!, SUSTATU euskara! Euskararen eta euskal kulturaren erreferente izaten jarraitu nahi dugu eta normalizazioa bultzatu.
PIZTU! SUSPERTU!
SUSPERTU auzolana!
Ikastolen mugimendua ez da ulertzen auzolanaren presentziarik gabe. Horrela sortu ziren eta horrela mantenduko dira. Gero eta gehiago kostatzen den jarduera suspertu behar dugu, eta funtsezkoa iruditzen zaigu elkartasuna, enpatia eta talde-lana transmititzeko.
PIZTU! SORTU!
SORTU baliabideak!
Zangozako Ikastolak finantzazio egokia bilatu behar du proiektuaren bideragarritasuna gauzatu ahal izateko. Existitzen jarraitu ahal izateko behar beste baliabide sortu behar ditugu.
PIZTU!
PIZTU energia berriztagarrien etengailua! Piztu energia garbien etengailua! Piztu irudimena energia aurrezteko!
PIZTU NAFARROA OINEZ!
ZANGOZAKO IKASTOLA PIZTU!
Lelotzat "Piztu" hitza aukeratu genuenetik, suaren ideia lantzen hasi ginen, batez ere. Hala ere, suak ere suntsipena gogorarazten zigun; beraz, gure sormen gaitasunak argiaren bidera eraman gintuen. Bide hori hartuta, eguzkiarekin eta argi izpiekin hasi ginen solasean, eta orain ikusten ari garen eguzkia kolorez hustu ondoren, izpi askorekin topatu ginen. Badakigu zeruan eguzkia dagoela, baina gorantz begira izpiak soilik ikus ditzakegu eta hori islatu nahi izan dugu. Ezarritako bost koloreak aurtengo Nafarroa Oinezen helburuekin lotu nahi izan ditugu: kalitatezko hezkuntza, hezkuntza euskalduna, auzolana, finantzaketa eta eraginkortasun energetikoa. Azkenik, gure leloarekin bat egiteko, beti piztuta daukagun gure astro maitea (piztuta) baino hoberik ez dago.
Tipologia erabakitzen hasi ginenean, nostalgiko jarri ginen eta tipografia horrek 90eko hamarkadan bizi izandako Nafarroa Oinez-etan erabilitakoak gogorarazten dizkigu. Tipologia hori asko erabili da eta gure oroitzapenetan gordeta daukagu denok.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU