Zangozako Ikastolaren ibilbidea

1978an familia ero zoragarri batzuk elkartu eta ausardia handiz amets bat eraikitzen hasi ziren. Haurtzaindegi moduan abiatu zen Rincón del Carmen Ikastola izen bereko Karmengo komentuan zegoen sukalde zaharrean. Haien seme-alabei heziketa euskaldun bat eskaini nahi zieten eta oztopo guztien gainetik, zailtasun guztiei aurre eginez, ametsa errealitate bilakatu zuten.

Ez ziren urte errazak izan, atez ate laguntza eske ibili ziren, baina ezetzak eta trabak besterik ez zituzten jaso ordainetan. Haurrak arratoien lagun zirela aipatzen zuen lehendakari izandako Juan Pedro Aramendiak, egondako eraikinak ez baitziren egokiak. Baina egoera horrek ez zituen geldiarazi, alderantziz, irmoki borrokan jarraitu zuten haien ametsaren eraikuntzan. Eta azkenean Udalarekin egindako hitzarmen bati esker Txaparro etxera joan, eta auzolanean eraikina atondu zuten. Beste Ikastolen babesa ere sentitu zuten, beste hainbat herritan ere ilusio beraz lanean ari baitziren, eta Ikastolen sarea ehuntzen joan zen poliki-poliki, euskararen eta euskal kulturaren arnasguneak bilakatuz.

Haiengatik gaude gu hemen, hasi ziren familia ero zoragarri horien atzetik, familia gehiago etorri zirelako, eta denek, elkarlanean eta auzolanean ametsa eraikiz jarraitu zutelako. Zonalde honetako jende ekintzaile eta langileari esker, milaka istorio kontatuko lituzketenak, zenbat buruhauste, zenbat berri txar, zenbat ezezko bizkar gainean… Baina horri buelta emateko gogoa eta bihotza jarri zuten. Zailtasunen aurrean, bakoitzaren bertsiorik onena atera, motibazioz eta energiaz aurrera tiraka jarraitu zuten. A ze ilusioa ikasleek Ikastolako ibilbidea bukatu eta aurrera egiten zutela ikustean eta familia berriak ikastolara gerturatu eta sarea handitzen zihoala ikustean. Harro egoteko modukoa.

Haurrak ulertzeko modua

hEGIN proiektuan adierazten den bezala, Haurra ernatzen ari den hazia da. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu; berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura.

Horregatik guztiagatik haurra ikasketa-prozesuaren erdigunean jartzearen hautua egin dugu Zangozako ikastolan, guretzat ikasleak direlako benetako protagonistak. Eta gure helburua da protagonista hauek, haur horiek, etorkizunean gazte heldu autonomoak izatea, euskara eta euskal kulturarekin konprometituak, euskaldun eleanitzak, taldean lan egiten dakitenak, kritikoak, ekintzaileak, sortzaileak, osasuntsuak eta baita adeitsuak ere, inguruarekiko errespetua eta jokabide etikoduna adierazten dutenak. Hori dela eta, oso garrantzitsua da nora goazen jakitea, irakasle eta familiek jomuga bera izatea eta elkarrekin haur eta gazteen bidelagun izatea, hau da, denok bide beretik joatea.

Ikaskuntza-prozesu horretarako, ezinbestekoa da haurren arteko interakzio soziala, emozionala eta kognitiboa, eta, horregatik, pixkanaka abian jartzen ari gara ikaskuntza partekatua edo kohezkuntza.

Denok ari gara ikasten ikaskuntza partekatuan, bai ikasleak, bai familiak, bai irakasleak. Egoera berrietara egokituz, erabakiak elkarrekin hartuz eta guztion artean errealitate berriak eraikiz.



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia