2023ko Nafarroa Oinezen leloak, hotsein!-ek, bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, ‘zarata egin’ edo ‘burrunba egin’, eta, bestetik, ‘deitu’ edo ‘aldarrikatu’. Lelo horren bidez, bertako hizkerari balioa emateaz gain, gure proiektua eta gure aldarrikapenak eta konpromisoak lau haizeetara zabaldu nahi ditugu, ozen eta tinko: euskara, euskal kulturaren eta aniztasunaren aldarrikapenak eginez.
Hots egin nahi dugu, arnasguneetan gauden ikastolon indarra eta beharra aldarrikatzeko. Hots egin nahi dugu, ikastolon izaera publikoa eta gure kudeaketa-eredu herrikoia aldarrikatzeko. Hots egin nahi dugu, hezkuntza-proiektu eraldatzailea izaten jarraitu nahi dugulako!
Entzun gure hotsa eta gure ahotsa!
hotsein! indarra transmititzen duen leloa da, sentitzen dugun hori adieraztera bultzatzen gaituena, eta pentsatzen duguna lau haizeetara oihukatzera eramaten gaituena. Kontzeptu hori adierazteko, leloaren harridura ikurrari (!) hiru marra gehitu dizkiogu, bozgorailu baten itxura emateko asmoz. Tresna hori gure hitza zabaltzeko gailua izango da, bikain islatzen duelako gure hots egiteko grina.
Logotipoak kontzeptu minimalista du oinarri, soila eta arina izatea nahi genuelako, edozein adinetarako eta edozein euskarritarako egokia izan dadin. Baina, aldi berean, oso adierazkorra da, hiru marra erabilita leloaren mezuari indar handia ematen zaiolako.
Bozgorailuko marretan erabilitako koloreak Andra Mari Ikastolaren logotipoan erabiltzen diren berberak dira: berdea iluna, berde argia, horia, laranja eta gorrixka. Kolore horiek Sakanako berezko koloreak dira, gure mendi eta basoek lau urtaroetan zehar tonalitate horiek hartzen baitituzte. Gainera, kolore desberdinek aniztasuna ere irudikatzen dute. Leloa, irudia eta koloreak uztartuta, gure festa (Nafarroa Oinez) eta gure proiektua (Andra Mari Ikastola) bat eginik agertzen dira.
Hots egin dezagun, gure megafonoa eskuan hartuta!
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU