Nafarroa Oinez hau, lehenik eta behin, Ikastola eta Nafarroako Erdialdeko jendearen arteko topaketa bideratzeko aukera da. Urte honetan zehar gure hizkuntza eta gure kultura ezagutarazi nahiko genituzke, baita denbora luzean errotu den proiektu honen izaera irekia ere.
Bestalde, egun ez da duela hogei urte bezala ikasten, ezta irakasten ere. Lehengoari eusteak ez du zentzurik. Ikasleen beharrak eta XXI. mendean garatu behar dituzten trebetasunak ez datoz bat aurreko mendeetan zirenekin. Eta argi dago, horrelako aldaketa handi baten aurrean, Ikastolak erantzun eta tresna berriak eskaini behar dituela.
Horregatik berritu dugu gure hezkuntza-proiektua, eta emaitzak ikusten hasiak gara. Dena den, ikasteko premia berriek bestelako eraldaketak ere eskatzen dituzte. Izan ere, ezin ditugu XXI. mendeko ikasleak eraikin zaharretan prestatu. Askatasunez mugitu ahal izateko espazioak behar ditugu, irekiak; elkartzeko, talde-lanerako eta erabakiak elkarrekin hartzeko lekuak behar ditugu, eta ez mahai eta aulkiz betetako gela txikiak. Gure ikasleek berdeguneren bat, jolasguneak eta irakurketa-txokoak nahi dituzte. Beraz, espazio berriak sortu behar ditugu gure hezkuntza-proiektua gauzatu ahal izateko.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar 2011ko Nafarroa Oinezi esker Bigarren Hezkuntzarako eraikin berria eraiki zela, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eraikineko espazioa oso mugatua baitzen. Bagenekien erabaki horrek zorra handia ekarriko zuela, baina uste genuen beharrezkoa zela etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Beraz, Nafarroa Oinez 2022 honek zor horri aurre egiteko ere balio izango du.
Laburbilduz, 2022ko Ikastolen jaiak, alde batetik, gure ikastetxearen heldutasuna islatuko du; bestetik, geure burua ezagutarazteko baliagarria izanen da baita espazioak gure proiektu pedagogikoaren beharretara egokitzeko ere; eta, azkenik, ditugun maileguei aurre egiten ere lagunduko digu.
Berrogeita hamar urteko historia bete dugu, eta harro gaude; baina apalak ere bagara, jakin badakigulako oraindik asko dugula egiteko. Ikastetxe ireki, integratzaile eta berritzaile hau ereiten eta lantzen jarraitu behar dugu, ikasle euskaldunak, arduratsuak, kritikoak, autonomoak, gizartearekin konprometituak eta etorkizuna jorratzeko tresnak izango dituztenak lortzeko.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU