Euskara lehentasun: euskalduntze prozesuarekiko konpromisoa. Lizarra Ikastolak euskara eta euskal kultura Estellerrian zabaltzeko izandako protagonismoa funtsezkoa izan da, berebizikoa, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Batez ere egoera latz honetan, inoiz baino gehiago ikastolek euskara eta euskal kulturaren hauspo izan behar gara eta. Horri eutsiz, bai orain eta baita etorkizunean ere, Lizarra Ikastolaren prozesu horrekiko ardura oinarrizkoa da, erronka hori, hots, gure merindadean euskara berreskuratzea, izan baita betidanik gure lehentasuna; eta 2021eko Nafarroa Oinezak hori berretsi behar du.
Ikastola denona da: kooperatibismoa eta gizarte-lana. Hain gurea den auzolanaren kultura eredua mantenduz, lankidetasuna sendotzeko xedea dugu. Ez da ahaztu behar, gainera, oraingo garai hauek elkartasunerako dei gabia direla eta horrek Ikastolaren izaerarekin bat egiten du guztiz. Ikastolak zerbitzu publikorako joera du, eta, hortaz, gizartera zabaltzeko helburua beti izan behar dugu ikusmiran, eta horretan dihardugu. Ikastola herriaren zerbitzura ere jarri behar dugu, eta horretarako, eskualdeko gizarte-eragile aunitzekin batera lan egin beharra dago; gure instalazioak ere eskaini egin behar ditugu, eta garbi izan behar dugu beti euskal kulturaren zabaltzea dela gure lehentasun nagusietako bat. Nafarroa Oinezek Lizarrako kaleak beteko ditu, eta horrek ere sekulako aukera emanen digu gizarteratze prozesu horretan.
Etorkizuna: Haur Eskola. Orain arte aipatutako guztia bideratu ahal izateko, belaunaldi berriak behar ditugu, etorkizunean lorpenak segurtatzeko, eta erronka berriei buru egin ahal izateko. Etorkizuna belaunaldi gazteenengan dago, eta, beraz, gure egungo haurrei gure oinarrizko baloreak transmititu behar dizkiegu. Umeen bizitzaren lehendabiziko urteak funtsezkoak dira haiendako, eta Ikastolak bere esku dituen tresnarik onenak eskaini nahi dizkie, baldintzarik onenetan ere, gaur egungo betekizun eta eskakizunetara egokituz. Guregana datozen haurrek gurekin eman ohi dituzte lehen urratsak, horrexegatik, hauen heziketa eta ongizatearen -batez ere oraingo egoerarekin- garrantzia aintzat hartuz, Lizarra Ikastolako Haur Eskola ume horien beharretara moldatu beharra dugu. Hori dela eta, etorkizunari begira, nahitaezkoa da gure Haur Eskola berritzea, funtsezkoa baitira belaunaldi berriak Ikastola gizarteratzeko ahaleginean egiten ari den lana segurtatu ahal izateko.
Ikastola sostengagarria helburu: ingurunearekiko ardura. Lizarra Ikastolak aspaldi handian izan du kontuan bere hurbileko ingurugiro zein planetarekiko erantzukizuna, eta jokamolde hori arrunt txertatua dago bere funtzionamenduan zein heziketa proiektuan. Afera horretan aurreratu nahian, Ikastolaren eraikina jasangarriagoa bihurtzeko jomuga ezarri da eta Lizarra Ikastolaren agendan berebiziko garrantzia izanen dute ingurunea babesteko helburuarekin loturiko sentsibilizazioak eta ekintza-multzoak. 2021eko Nafarroa Oinezen karietara, Ikastolaren nahia da abiapuntua izan dadila, erdietsiko diren baliabideak probesturik, eraikuntza iraunkorragoa lortzeko eta ingurunearen babesa sendotzeko garatuko diren formakuntzarako estrategiak bultzatzeko.