2026/10/06
Nafarroa Oinez: euskararen aldeko aldarrikapen eta festa egun handia
Urriaren 18an ospatuko den Nafarroa Oinez 2026aren azken xehetasunak aurkeztu dituzte gaur, Iruñean. “Bidean bat gara” lelopean, aurtengo edizioa berezia izango da, San Fermin Eta Erentzun ikastolen arteko elkarlanaren emaitza izateaz gainera, euskararen aldeko aldarrikapen eta topaketa masiborako eguna ere izatea nahi dutelako antolatzaileek.
Urte osoan zehar elkarrekin egindako bidearen azken geltokia izango da urriaren 18a. Erentzun Ikastolako zuzendari den Garbiñe Zulaikak nabarmendu duenez, bi ikastolen artean antolatutako Nafarroa Oinez honek aukera ugari eman dizkie elkarrengandik ikasteko, elkarlanean aritzeko eta Nafarroako ikastolen sarea are gehiago josteko
Baina, ikastolen ordezkariek azpimarratu dutenez, urriaren 18a ez da festa egun bat bakarrik izango. “Euskararen orainak eta etorkizunak denok interpelatzen gaituelako”, aurtengo Nafarroa Oinezek “aldarrikapen egun masiboa” izan nahi du: “Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor diezagutela ozen aldarrikatzeko eguna” nabarmendu du Zulaikak.
Ildo horretan, ikastolek euskaldun eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte urriaren 18an Zizur Nagusira joan eta euskararen aldeko bidean bat egitera. “Euskararen kontrako oldarraldia ageriago den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea”, adierazi du Zulaikak. Izan ere, Eider Sagastibeltza, San Fermin Ikastolako lehendakariaren hitzetan, garai honetan pertsonen eskubideak, eta horien artean hizkuntza eskubideak, gero eta gehiago jartzen ari dira auzitan. Horregatik, euskaldunon eta euskaltzaleon komunitatearen indarra erakusteko eta hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoa berresteko eguna izango da Nafarroa Oinez.
“Euskarak denok behar gaituelako”, ikastolen mezua ez da soilik hezkuntza komunitatera mugatzen. “Kontua ez da zein arlotan ari garen edo nondik gatozen, nora goazen baizik. Eta ortzimuga argia da: euskararentzat etorkizun oparoa ereitea” nabarmendu du Sagastibeltzak. Horregatik, berriro ere, “Bidean bat gara” aldarria zabaldu dute.
Bi ikastolak lotuko dituen bidea
Aurtengo Oinezen berezitasun nagusietako bat ibilbidea bera izango da, Erentzun eta San Fermin Ikastolak lotzen dituen bidean diseinatu baita. Hautu horrek zuzenean islatzen du aurtengo leloa: bi ikastola, bi errealitate, baina helburu bera: euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitzea, elkarlanean eta etorkizunari begira.
Ibilbidea Zizur Nagusia-Ardoi eta Galar inguruan egingo da, eta hiru gune nagusi izango ditu: bi lursailetan kokatuko dira eta hirugarrena, berriz, Zizur Nagusiko Luis Ibero plazaren inguruan. Horrela, herrigunea eta natur ingurunea uztartuko dituen ibilbidea osatuko da.
Ibilbidea, gainera, ez da soilik bi ikastolen arteko lotura izango. Antolatzaileen arabera, euskararen alde egiten dugun bidea ere bada: euskara sustatzeko, indartzeko eta normalizatzeko bidea, eta euskaltzale guztiak elkartzeko eta sareak sendotzeko topagunea.
Adin guztientzako festa eta kultur egitaraua
Aldarrikapenarekin batera, Nafarroa Oinezek ohiko izaera festiboa ere izango du, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala eta askotarikoa prestatu dute, goizetik gauera parte-hartzea eta giro ona bermatzeko.
Jarduerak bezperan hasiko dira, urriaren 17an, Zizur Nagusian. Besteak beste, apirilean hasitako pilota txapelketako finala, Kidan magoaren emanaldia eta Lilo eta Muxutruk taldeen kontzertuak izango dira. Gainera, birziklapen tailerrak, Mantangorri eta artisautza azoka izango dira, azken hau 11:00etatik 21:00etara.
Urriaren 18an, berriz, kontzertuak, ikuskizunak, familientzako proposamenak, haurrentzako eskaintza eta gazteei zuzendutako ekimen bereziak izango dira. Musika eskaintzaren barruan, besteak beste, Mochila 21, Urtz, Trikidantz, Kantu Salda, Mugan, Demode Quartet, La Basu, Eztitan, X Sakara, Somak, Ortzadar, Atxa Jaunak eta Korrontzi izango dira. Txikienek, berriz, Makusiko protagonistez, Xaiborrez eta Go!azeneko kideez gozatzeko aukera izango da.
Gazteen artean arrakasta handia duen Erronka ekimenak ere protagonismo berezia izango du. Horrez gain, aurtengo berritasunen artean Oinez gynkana familiarra dago, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako proposamen dinamiko eta irisgarria. Euskararen bidez, leloa, logoa, kanta eta bi ikastolen arteko elkarlana ezagutaraztea izango du helburu, misterioa, elkarlana eta boluntarioekiko interakzioa baliatuta.
Guztiontzako Nafarroa Oinez
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurtengo helburuetako bat Nafarroa Oinez ahalik eta jasangarriena, irisgarriena eta inklusiboena izatea da. Horretarako, garraio publikoa erabiltzea erraztuko da, aparkalekuak zentralizatuko dira eta bizikletaz joateko aukerak sustatuko dira. Mugikortasun urriko pertsonentzat ere berariazko neurriak izango dira.
Era berean, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira eta elikadura behar bereziak dituzten pertsonentzako eskaintza egongo da. “Guztiontzat eta guztion artean eraikitako Nafarroa Oinez bat” izatea da antolatzaileen asmoa.
Erentzun eta San Fermin ikastolek, beraz, urriaren 18an Zizur Nagusian elkartzeko deia egin diete euskaldun eta euskaltzale guztiei. Euskararen aldeko aldarrikapena, kultura, musika eta festa uztartuko dituen eguna izango da, baina baita euskarak batzen duen komunitatearen indarra erakusteko aukera ere. Urriaren 18an, Bidean bat gara. Iruñean, 2026ko urriaren 6ª.
Lege oharra
Pribatutasun politika
Cookie-en politika
Web garapena: Aldor Internet
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU