2026/09/21
Nafarroa Oinez 2026 ekimenaren baitan, 500 pertsona inguruk parte hartu dute larunbat honetan, irailaren 19an, Oinez Krosa Herrikoian, Zizur Nagusian. Ekimenak adin guztietako pertsonak bildu ditu kirolaren, elkarbizitzaren eta euskararekiko konpromisoaren inguruan.
Oinez Krosa lasterketa konbentzionalekiko bestelako asmoarekin sortu zen. Bertan, ez da sailkapenik, podiumik edo saririk izan; helburua ez baitzen lehiatzea, baizik eta euskararen eta euskarazko hezkuntzaren alde parte hartzea, elkarrekin gozatzea eta proiektu komun baten alde egitea. Horrela, jardunaldia komunitate osoari irekitako ekimen herrikoi, inklusibo eta kooperatibo gisa planteatu da.
Parte-hartzaileek 1, 5 eta 8,5 kilometroko hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izan dute, adin, erritmo eta aukera desberdinetara egokituta. Horrela, krosak esperientzia partekatzeko aukera eman die bai korrika egitea aukeratu dutenei, baita oinez ibili eta ibilbideaz familian gozatu nahi izan dutenei ere.
Izandako parte-hartze zabalak Nafarroa Oinezi eta ikastolei eusten dien komunitatearen indarraren adierazpen bihurtu du hitzordua, eta agerian utzi du beste behin ere, kirola elkartzeko, elkarlanean aritzeko eta euskararekiko konpromisoa ikusarazteko tresna ere izan daitekeela.
Horrela, Oinez Krosa Herrikoia, urriaren 18an Zizur Nagusian, Bidean bat gara lelopean ospatuko den Nafarroa Oinez 2026ren baitan urtean zehar bultzatutako ekimen ugariei gehitu zaie.
Lege oharra
Pribatutasun politika
Cookie-en politika
Web garapena: Aldor Internet
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU