2025/12/12

Abenduaren 12an, ostiralarekin, ehundaka lagun bildu ziren jai giroan, Nafarroa Oinez 2026ko dendaren irekiera ofiziala ospatzeko. 

Gabonetan zehar, urtarrilaren 8ra arte, zabalik izanen den denda Laba elkarteak utzitako lokalean egonen da, Gazteluko Plazaren 6. zenbakian, bertan eskuragarri izanen delarik Nafarroako ikastolen festaren arropa eta material ugaria.

Iruñeko Oinez dendaren mustutzearekin Oinez inguruko partaidetza sustatu nahi izan dute bi ikastolek, Vianako Erentzun ikastolak eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak, biak elkarlanean. Honela, bi ikastolen arteko auzolanaren ikusgarritasuna bermatu nahi izan da, Oinez denda Iruñeko muineraino. 

Inaugurazioa baino lehen ordea, 18:30etan Iruñeko Udaletxe Plazatik abiatu zen kalejira, hiri buruzagiaren alde zaharrean barna, dantzari eta txistulariekin Gazteluko Plazaraino. Bertan ikastolako dantzariek dantza emankizuna eskaini zuten Laba elkartearen aitzinean, bertan batu zen ikuslego oparoarendako.

Jarraian, San Fermin ikastolaren izenean Andoni Zilbeti eta Zuriñe Santxo, Vianako Erentzun ikastolaren partez, hitzekin hasi zen ekitaldi ofiziala. 2026ko Nafarroa Oinez Erentzun Ikastola eta San Fermin Ikastola eskuz esku antolatzen ari diren honetan,  “Bidean bat gara” leloa nabarmendu zuen Zilbetik, bi ikastolen arteko lankidetzaren isla, baita Oinez’26rantz hasi den bidean, dendaren irekitzearen mugarri izaera ere. Honekin batera, esker onak helarazi zizkion Iruñeko Laba elkarteari, Iruñerriko giro euskaldunarekin erakutsitako konpromiso sendoarenatik eta denda zabaltzeko aukerarengatik.

Bestalde, Erentzun ikastolaren izenean, Zuriñe Sanchok, Vianako Oinez dendaren irekierarekin jada, azaroan hasitako bidearen jarraipen aipatu zuen Iruñeko dendaren mustutzea, “Oinez 2026ak muga guztiak gainditzeko erronka dauka” adierazi zuelarik. Izan ere, “Zizur Txiki eta Biana artean dauden kilometroak, bi errealitate hain ezberdin izatea edo Euskararen Legeak ezartzen digun zonifikazioa” adierazi zuelarik.

Aurreskua eta zinta mozketaren ondotik, bertaratu lagun ugarirendako, txokolate beroa eta opil jatea, gaztain jatea, haurrentzako jolasak eta photocall-arendako tartea ere izan zen.

Istorioak kontatzen dituen arropa: 2026ko Oinezeko merchandising berria  

Arropa eta material esklusiboaren bilduma osatua eta zaindua eskainiko du dendak, bi  ikastolek proiektu partekatuaren sinbolo gisa diseinatua. Ez da arropa bakarrik: nortasun adierazpen  bat eta “Bidean bat gara” leloaren isla da.  

Bildumak honako hauek eskaintzen ditu: era guztietako kamisetak; txanodun eta txano  gabeko izerditakoak, kremailerarekin eta gabe; mailak, poltsak eta osagarriak; “Jolasean bat gara”  leloa duten haurrentzako jantziak…  

Edizio honetarako, halaber, diseinu lan txukuna egin da, eta dagoeneko salgai jarri diren  produktu guztietan islatzen da hori. Horrela, diseinuek tamaina desberdinetan aurkezten dute logo  korporatiboa: Irulegiko eskutik datorren E letra, sinbolo moderno eta sotil gisa berrinterpretatua,  “Bidean bat gara” leloa konposizio grafiko berezietan (ia ilustratuak direnak), kliman eta  ingurumenaren zaintzan inspiratutako lore motiboak eta, oro har, gaur egungo koloreak, ehun  erresistenteak, eta kirol estiloko jantzi gazteak eta erosoak.  

Egunerokorako pentsatutako jantziak dira, sinpleak baina ukitu bereizgarria dutenak, gama  kromatikoaren arabera lasaitasuna, energia edo bizitasuna transmititzen dutenak.  

 



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia