2025/10/08

Nafarroa Oinez 2025, Garraio Jasangarria, Inklusibitatea, Elkarlana eta Euskararen Alde

Nafarroa Oinez 2025, Garraio Jasangarria, Inklusibitatea, Elkarlana eta Euskararen Alde

Aurten, Nafarroa Oinez 2025 edizioak mugikortasun jasangarriaren eta inklusibitatearen aldeko apustu irmoa egin du, eta horrela, Nafarroako Gobernuak sortutako "Ekitaldi Jasangarrien Intsignia" eskuratu du. Intsignia honek ingurumen-baldintza jasangarrietan egindako ekitaldiak aitortzen ditu, eta Nafarroa Oinezen antolakuntzak horretarako hainbat ekintza zehatz burutu ditu, bereziki garraio- eta trafiko-plana berrituz.

Roberto Gabantxok, ibilbidea batzordeko burua, ibilbidea eta trafiko planaren inguruko informazioa azaldu du.

Ibilbide Berria: Urbanoa, Inklusiboa eta Irisgarria

Nafarroa Oinez 2025 ekitaldiak ibilbide berritzaile bat aurkezten du. Ez da zirkularra, eta nahiko urbanoa da, herritarrei eta bisitariei esperientzia ezberdin bat eskainiz. Ibilbidea guztiz inklusiboa da, 2.800 metroko luzera du, oztoporik gabea eta guztiz asfaltatua. Horri esker, edozein adin eta gaitasuneko pertsonek erraz gozatu ahal izango dute.

Helburu nagusietako bat Nafarroa Oinez herrira gerturatzea da, eta horretarako, herriko kolektibo guztiei parte hartzeko deia egiten zaie.

Aparkalekuak eta Gomendioak

Autoan etortzekoak direnei, antolakuntzak aurretik ongi informatzeko eskatzen die, aparkalekuak non dauden jakiteko. Aparkaleku-poltsa handienak hauek izango dira: Erripagaina, Areta eta Olloki.

Gainera, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, webgunean erreserba egitea gomendatzen da, modu horretan aparkaleku espezifikoa ziurtatu ahalko dutelako.

Nafarroa Oinez 2025-ek modu arduratsu eta jasangarrian gozatzera gonbidatzen du, ingurumenarekin eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa indartuz.

Xabier Alvarez de Eulatek, ingurumena batzordeko burua, jasangarritasunaren inguruko neurri aipagarrienak aurkeztu ditu. 

Garraio Jasangarriaren aldeko Apustu Berdea

Ingurumen Batzordeak hainbat lan egin ditu ekitaldia jasangarriagoa izan dadin, eta horren emaitza da lortutako intsignia. Horietako ekintza nabarmenetako bat garraio plan berria da:

  • "Bizi oinez Bizin" kanpaina: Jendea bizikletaz etortzera animatzeko, geoerreferentziatutako bizikleta ibilbide sare bat diseinatu da, Iruñerriko auzoak eta herriak ikastolarekin lotzeko.

Mapak eta trackak argitaratuko dira erabiltzaileek informazioa erraz eskuratu dezaten. Gainera, elkargune irteeren ordutegiak dituzten taldeak sortzeko aukera egongo da. Segurtasun gomendioak ere emango dira, eta 320 bizikletentzat aparkaleku segurua egongo da ikastolaren ondoan. Gogoratu zeure kandadua ekartzea!

  • Villavesen indartzea: Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, 4, 7 eta 19. lineen maiztasuna areagotu egin da Nafarroa Oinez egun osorako. Iruñerrian bizi bazara, aukerarik onena da garraio publikoa erabiltzea.
  • Hondakinen kudeaketa: Iruñerriko Mankomunitatearekin lankidetzan, hondakinen birziklapena sustatzeko neurriak hartu dira.
  • "Oinez Berdea" dekalogoa: Dekalogoa eguneratu da, Nafarroa Oinezek ingurumenarekiko duen konpromisoa sendotuz.
  • Edalontzi berrerabilgarria. Guztiok ditugu etxean hamaika edalontzi berrerabilgarri herriko jaietan, herri bazkaritan edo aurreko Oinez egunetan eskuratutakoak, besteak beste. Hala izanik, edalontzia etxetik ekartzeko gonbita luzatu da.

Adin Guztientzako Egitarau Oparoa

Mugikortasun jasangarriaz gain, Nafarroa Oinez 2025erako adin guztientzako jarduera, ikuskizun eta kontzertu-sorta zabala prestatu da, familia giroan gozatzeko. Egitarauak larunbata eta igandea hartuko ditu eta, besteak beste, honako hauek aurkituko dituzue:

  • Herri kirolak eta Erronka: Euskal Herriko tradizioetan oinarritutako kirol herrikoia, indarra, trebetasuna eta elkarlana uztartzen dituena.
  • Musika zuzenean: Korrontzi, Xaibor, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele bezalako talde ezagunek giroa berotuko dute.
  • Haurrentzako eskaintza: Magia ikuskizuna, jolasak eta hainbat animazio, txikienek ere euren jaia izan dezaten.
  • Konpartsak eta kalejirak: Kuxkuxtu, Galtzagorri eta beste hainbat konpartsa izango dira ibilbidean zehar.
  • OINEZescape: Jarduera hau berria da. Nafarroa Oinezen ibilbidean zehar, euskara eta euskal kulturaren alde jardun diren lagunen inguruko informazioa ezkutatuko da eta lortutako pisten bitartez nor den asmatu beharko  da. "Buruarekin" pentsatu beharko da puzzle matematikoak ebazteko, "bihotza" erabili behar da nostalgiari eta oroitzapenari buruzko poemak deszifratzeko, eta "oinekin" mugitu behar dugu bidean barna hurrengo pista aurkitzeko. 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera da eta egun osoan zehar jolasteko aukera izanen da hiru guneetan.
  • ERRONKA: Jada klasiko bat bilakatu den 14-16 urte bitarteko gazteen arteko jolasa. Lagun artean egiten den lehiaketa osasuntsua da, non helburu nagusia ez den irabaztea, baizik eta elkarlana sustatzea eta talde-lana indartzea. Giro atseginean, parte-hartzaileek elkarri laguntzen diote eta elkarrekin gozatzen dute. Goizeko 10:00etan hasi eta 14:0oak aldera bukatuko da eta ehun eta berrogei gaztetik gora hartuko dute parte.

Iñaki Errozek, Paz de Ziganda Ikastolako zuzendariak, hainbat ohar aipatu eta Nafarroa Oinez jaira hurbiltzeko gonbita luzatu du.

Jatekoak eta edatekoak

Ohi bezala, jateko eta edateko ugari izango da ibilbide eta guneetan zehar. Txosnaz gain, taloak, patata frijituak, kafea,… eta Benigno Mendia jantokia, non paella goxo-goxoa jateko aukera izango den Kuxkuxtu txarangak giroturik. Gainera, aurten, lehendabiziko aldiz txartelak aldez aurretik erosi ahalko dira, Nafarroa Oinez webgunearen bitartez. Halaber, glutenik gabeko eskaintza ere izango da.

Puntu Moreak

Nafarroa Oinez eremu segurua eta errespetuzkoa izan dadin, Puntu Moreak jarriko dira hiru gunetan, edozein eraso sexistaren aurrean erantzuna emateko eta aholkularitza eskaintzeko. Jaiak aske bizi eta gozatu nahi ditugulako.

Hasiera ekitaldia eta omenaldia

Hasiera ekitaldiari 10:00etan emango zaio hasiera ikastolako patioan. Lekuko aldaketa eta omenaldia berriz, 12:00etan izango dira Atarrabiako Kultur Etxean.

Nafarroa Oinez 2025, bidelagun ugari

Oinez urtean zehar ikastolak izan dituen bidelagunak asko eta asko izan dira: erakundeak, elkarteak, enpresak, saltokiak, norbanakoak... Ikastola komunitatearen izenean, eskerrik beroena helarazi nahi izan zaie guzti-guztiei. Halaber, euskaltzale guztiei urriaren 18 eta 19an Atarrabiara hurbiltzeko gonbitea luzatu zaie, Euskararen normalizazioaren aldeko aldarrikapen egunak ere badirelako eta guztiok batera indartsuagoak garelako.

EUSKARA edo EZKARA, guztiok festara!

Informazio gehiago, HEMEN



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia