2025/06/21

Zangozako Ikastolak Oinez Basoa 2024 aurkeztu du

Zangozako Ikastolak Oinez Basoa 2024 aurkeztu du gaur Zangozako Kantolagua Pasealekuan. Hara ikastolako ikasleak, familiak, irakasleak eta herriko hainbat bizilagun bertaratu dira kurtso honetan aurrera eraman diren hiru proiektuak ezagutzeko: hostozabalen landaketa, hegazti behatokien kokapena eta saguzarrentzat habi-kutxen kokapena. Horiek Nafarroa Oinez 2024ko aztarna ekologikoa murriztea dute helburu eta Zangozaldeko Mankomunitatearekin eta Zangozako Udalarekin batera burutu dira.

DBH 4-ko ikasleak ekitaldiaren aurkezleak izan dira. Ikastolako patioan hasiera eman diote, Oinez Basoa ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte eta Tomas Gistauk, Ledeako bizilagunak, Oinez Basoaren inguruan egindako bideo bat proiektatu dute. Jarraitzeko, Zangozako Txistulari Taldeak “Txola” girotuta, publikoa Kantolagua Pasealekura hurbildu da kalejiran.

Hiru proiektuak banan-banan azaldu ondoren, ekitaldiko momentu nagusia iritsi da, informazio panelaren erakusketa. Ikasleek esan bezala: “Panel hau ez da egurrezko informazio panela sinplea, baizik eta Oinez Basoa aurrera eraman ahal izateko auzolana eta ilusioaren adibide da”.

Auzolana ikastolen oinarria da, baita Oinez Basoarena ere. Horrela azpimarratu du Carlos Arcelusek, Zangozako Ikastolako lehendakariak, ekitaldian: "Zuhaitz bakoitzak, habia-kaxa bakoitzak eta behatoki bakoitzak gogora diezagula, elkarrekin gabiltzanean, mundua eraldatzeko gai garela."

Proiektu honetan bai familiek zein ikasleek eta irakasleek parte hartu dute, adibidez, hegazti behatokiak egiteko edukiontzi zaharrak birziklatzen eta margotzen, zuhaitzen landaketa eginez edo saguzarren habi-kutxak kokatzen.

Bestalde, Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, esan du: “Zangozaldera hurbidlu nintzenean komunitate sendo bat ikusi nuen, eta honek sortutako ikastolari esker Zangozaldea euskaldunagoa da”. Javier Solozabalen hitzak ere norabide horretan joan dira, Zangozako Ikastola komunitate parte-hartzaile, koordinatu eta aktibotzat jo baitu. Gaineratu duenez, "Kultur ondare bat uzteaz gain, Basoa Oinezekin ingurumen ondare bat utzi dute.

Aurkezpenari amaiera emateko, ikasleek publikoa hamaiketakoa hartzera gonbidatu dute ikastolako patioan.

Oinez Basoa 2024

Aurtengoa bigarren Oinez Basoa izango da Zangozako Ikastolarentzat; izan ere 2014an ospatutako Nafarroa Oinezen, Eskualdeko Mankomunitatearekin eta Zangozako Udalarekin lankidetzan, hiru jarduera nagusi burutu ziren: tokiko hiri-hondakinen zabortegi zaharra berreskuratzea, hainbat landare-espezie landatuz, baso jangarri bat sortzea eta habia-kutxak jartzea Irati eta Aragoi ibaien korridorean, inguruko hegaztiak berreskuratzea bultzatzeko.

Hiru esku-hartzeek dagoeneko euren egitekoa bete dutenez, Nafarroa Oinezen edizio honetan Zangoza aldean hainbat jarduera biltzen dituen proiektu berri bat garatzea erabaki da:

1. Hostozabalak landatzea

Hainbat aukera eta kokaleku aztertu ondoren, Zangozako Udalarekin adostu da gutxi gorabehera hektarea bateko azalera duen eremua landatzea Zangozako Sotoan. Horretarako, lehenik eta behin, lurra egokitu behar da, sastrakak kenduta.

Hostozabal autoktonoak landatzea erabaki da, hala nola lizarra, basa-makala, almeza, serbala..., balio ekologiko handiagoa dutelako eta espezie horiek inguruneari onura handiak ekartzen dizkiotelako, besteak beste:

  • Paisaia lehengoratzea eta lurraren higadura eta degradazioa prebenitzea.
  • Biodibertsitatea aberasten laguntzea.
  • Tokiko flora eta faunaren babesleku diren mikroklimak sortzen laguntzea.
  • Baso-suteen aurkako prebentzioa eta defentsa.

2. Hegazti behatokiak kokatzea

Birziklapena, objektu bati, aldaketa esanguratsurik egin gabe, bigarren bizitza erabilgarri bat ematea da eta Nafarroa Oinez ospakizuna jai jasangarria izatea helburu duen Oinez Berdea dekalogoan jasota dago. Oinarrizko printzipio honi jarraiki hegaztientzako bi behatoki sortuko dira, erabiltzen ez diren beira jasotzeko edukiontziak berregokituz eta hartuko dituzten inguruneetan integratuz.

Lehenengoa Zangozako araztegiko putzuen aurrean jarriko da. Biologo eta ornitologia gustuko duten lagun asko joaten dira bertara; izan ere, uretako hegazti ugari ikus daitezke, bai autoktonoak bai migratzaileak: ahate urdina, ahate koilara arrunta, zertzeta arrunta, txilinporta, ubarroia, koartza hauskara, martin arrantzalea, beltxarga eta abar luze bat.

Bigarrena Oibarko simaurtegian egongo da. Eremu mugatua da, Ingurumenak kudeatua, eta bertan hegazti nekrofagoak elikatzeko hilotzak uzten dira, hala nola putreak, sai zuriak edo ugatzak, baita beste harrapari batzuk ere, hala nola miru beltza edo miru gorria.

3. Saguzarrentzat habia-kutxak kokatzea

Zangozako Ikastolaren Oinez Basoaren lehen edizioan hegaztientzako habia-kutxak jartzeak izan zuen arrakastari erreparatuta, errepikatzea erabaki da, baina oraingoan, habiak saguzarrentzat izango dira.

Zangozako eskualdean bada gau-saguzar ertaina talde bat (Nyctalus noctula), saguzar espezie oso urria penintsulan, eta galtzeko arriskuan dagoen espezietzat hartzen da Nafarroako Fauna Espezie Mehatxatuen Katalogoa, 254/2019 FORU DEKRETUAREN bidez onartua.

Hala habia-kutxa mota, nola Zangozako hiri-eremuaren barruko kokaleku egokiena aukeratzeko, saguzarretan aditua den tokiko biologo baten aholkularitza izango dugu.

Panel informatiboen kokatzea

Oinez Basoa proiektuari ikusgarritasuna emateko, hiri-altzariak eta informazio-kartelak kokatuko dira non 2024ko edizio honetan Zangozan egingo diren jarduera guztiak azalduko diren baita hegaztiak behatzeko etxolen kokapena ere.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia