2024/10/09

Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez 2024 egitaraua aurkeztu du

Zangozako Ikastolak bezperako egitaraua, urriaren 20koa eta Nafarroa Oinezen hurrengo edizioko trafiko plana aurkeztu ditu. Prentsaurrekoan, Nagore Oria Telletxeak, Zangozako Ikastolako zuzendari pedagogikoak, Carlos Arcelus Rotak, Zangozako Ikastolako lehendakariak, Eneko Alkorta Larburuk, Jarduera Batzordeko arduradunak eta Iker Arbea Arangurenek, Zirkuitu Batzordeko arduradunak parte hartu dute.

Nagore Oria zuzendariak adierazi duenez, duela urtebete Andra Mari Ikastolaren lekukoa "ilusioz eta arduraz" hartu zutenetik, Zangozaldeko euskaltzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte auzolanean, Zangozako Ikastola osatzen duten herri guztietan (Kaseda, Aibar, Gabarderal, Liédena, Yesa eta Irunberri) euren helburuak zabaltzeko.

Oriaren hitzetan, "familia gutxiko Ikastola xume batetik abiatuta, gai izan gara auzolanean sare bat sortzeko, urtebetez jarduerak maitasunez prestatzeko, eta jai eta ospakizun egun batean amaitzeko. Horren helburua ikastolen ahotsa altxatzea izan da, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko. Nafarroari eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diegu bide hau aukeratu dugunok bermatuta dugula kalitatezko hezkuntza bat, euskalduna eta kooperatiboa, non emaitzek urtez urte bermatzen gaituzten¨.

Asteburua Oinez

Urriaren 19an, larunbata, gaiteroek eta txistulariek dianekin esnatuko dituzte kaleak eta, ondoren, Erdialdeko txalaparta taldeak ekitaldien asteburuari eta Artisautza Azokari hasiera emango die. Txalapartariak, hurbiltzen diren guztiei, txalaparta nola jotzen den erakusten egongo dira goiz osoan zehar.

Eguerdian, Berriaren eskutik, Manttangorri tailerra antolatuko da gaztetxoentzat. Zangozako Ikastola eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa bazkaltzera bilduko dira, eta, ondoren, herriko hainbat txokotan haien diziplinez gozatzeko aukera izango dute: dantzariak, txaranga, elektrotxaranga, dj...

Arratsaldean, Berriaren eskutik, Maria Aranda magoak eskainitako "Magia eta mirariak familian" ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Iluntzean, 20:00etan, Mugan pop-rock talde donostiarra arituko da. Ekitaldi guztiak Arkupeetan izango dira.

Urriak 20, Oinez eguna

Piztu gunea (lehen gunea) Zangozako bandarekin esnatuko da. Eguerdian Motxila 21 taldeak joko du eta, ondoren, Mingain Dantzari ikuskizuna. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du eta Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute. Larrain Dantzarekin itxiko dute eguna. Gune honetan txikienek puzgarriez eta haurren hiriaz gozatuko dute.

Mintzatu gunea (bigarren gunea) Gora Musikarekin hasiko da. Ondoren, Herri Kirolak, Dj Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak. Gainera, tailerrak egingo dira egunean zehar.

Gozatu gunea (hirugarren gunea) Falkoneriaren ikuskizunarekin hasiko da eta ondoren Kiki Koko eta Moko. Gune honetan Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz entzun ahal izango dira. Eremu horretan kokatuko dira zezen mekanikoa eta “barredora”.

Ibilbidean zehar Ekialde Kantuz, Eskartxa, katxi eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitxa Eskola, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra…

Erronka, Nafarroako 11 ikastoletako ikasleak biltzen dituen ekimenak, euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz, bere protagonismoa izango du eta ibaian hasi, ibilbidetik igaro eta Gozatu eremuan amaituko diren 4 proba izango ditu. Edizio honetan ere Bernat Etxepare Lizeoaren txaranga eta Dj-a girotuko du.

Ibilbideko hainbat puntutan, informazio-puntuak, puntu moreak, osasun- eta edoskitze-eremuak kokatuko dira. Gainera, antolatzaileek telefono zenbakia txikien besoan jartzea gomendatzen dute, eta horretarako errotuladoreak egongo dira zirkuiturako sarbideetan.

Oinezen basoak basora

Zangozako Ikastolak Zangozara hurbiltzeko deia egin nahi die euskaltzale guztiei, ekintza, kontzertu, musika, gastronomia eta bestelako jarduerez goza dezaten, baina jasangarritasun esparru batetik, ingurumena zainduz.

Helburu nagusia ahalik eta aztarna gutxien uztea da. Aurten, berrikuntza gisa, saskiak izango dituzte irtereetan, parte-hartzaileek, ibilbidetik joatean, edalontziak saskiratu ditzaten, eta, horrela, basoak modu dibertigarriagoan berrerabiltzea.

Zangozara nola iritsi

Autoak P1, P2 eta P3 aparkalekuetara bideratuko dira, hurbiltzen diren errepidearen arabera. Autobusak Esako irteeratik eramango dira. Berrikuntza gisa, motoek aparkaleku propioa izango dute autokarabanen aparkalekuaren ondoan, Yamaguchi hotelaren ondoan, Zangozako erdigunetik gertu. Aurtengo bigarren nobedadea Ikastolaren ondoan mugikortasun murriztua duten pertsonentzako lekua erreserbatzeko aukera izango da. Plano guztiak webgunean eta sare sozialetan daude.

Eskerrak eta laguntzak.

Carlos Arcelus presidenteak Nafarroa Oinez errespetutik ospatzea espero du: "Dena ondo ateratzea eta euskararen jaiaz gozatuko duen orok errespetutik eta elkarbizitzatik egin dezala eskatzea besterik ez zaigu geratzen, inolako erasorik gabe".

Bestalde, Nafarroa Oinez-ek urte hasieran ezarritako helburuak betetzeko edozein ekarpen ekonomiko eskertuko du:

  • Laboral Kutxa: ES61 3035 0190 1919 0002 7315
  • Nafarroako Rural Kutxa: ES50 3008 0046 3750 2338 3028
  • Caixabank: ES81 2100 3698 5522 1016 4977
  • Bizum: Nafarroa Oinez Fundazioa / 03259 kodea hautatu.

Bukatzeko, Carlos Arcelusek eskerrak eman zizkien "hilabete luzeetan modu eredugarrian lanean ari zareten guztioi, hau guztia posible egin duzuen boluntarioei eta gogaideei. Harro gaude zuetaz", ziurtatu zuen.

PIZTU Nafarroa Oinez, PIZTU Zangozako Ikastola.

Eskerrik asko.



Itzuli