2023/06/13

Nafarroa osoan bai! izena du aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiak

Musika Joseba Tapiak egin du, eta letraz Maddalen Arzallus arduratu da. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du abestiak. Nahiz trikitilaria izan den musika konposatu duena, 5 emakumek abesten dute: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek; eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek.

Andra Mari Ikastolak prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur goizean aurtengo Nafarroa Oinezen abestia eta bideoklipa, baita Sanferminetako Oinez Txokoa ere. Bertan izan dira, Iñigo Orella, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoa, Maider Ansa Jarduerak taldeko batzordeburua eta Amets Aznarez tronboilaria eta Broken Brothers Brass Bandeko kidea.

 

2023ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen Andra Mari Ikastolak: alde batetik ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa zela aldarrikatu nahi zen, bestetik kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egiten zen, hirugarren aniztasun mota guztiei ateak irekitzen dizkiona eta azkenik euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra.

Iñigo Orellak azaldu duen bezala azken helburu horri erantzunez eutsi dio Nafarroa Oinezek abestiaren gaiari: “euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako”. Hala, abestiaren izena “Nafarroa osoan bai!” da. Orellaren hitzetan “letran ageri den “bai” eta “ez” jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira”.

Musikari buruzko datuak ere eman ditu Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoak “abestia, trikiti eta haize-sekzioko instrumentuen melodiek markatzen dute. Zinez, doinu dantzagarriak, aurki datozen udako festetarako. Musikarien artean, aipatutako abeslariez gain, tronpetarekin Jon Celestino; tronboiarekin Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore; eta saxoarekin Ibon Irixoa. Bateria Iker Uriarte, baxua, Xanti Etxeberria, eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari”.

Bideoklipa

Bideoklipa, Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du. Irudi dinamikoz osatua, Sakanako inguruneek protagonismo berezia hartzen dute bideo osoan zehar: oso presente daude Arakil ibaia, baita Urbasa, Andia, Berian eta Aralar mendiak ere. Ikastola Etxarrin kokatzen den arren, ikastetxera inguruetako herrietako haurrak hurbiltzen direnez, bideoa herri hauetako batzuetan ere grabatu da: Arbizun, Arruazun, Lizarragabengoan… Zonifikazioaren salaketa, Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.

Sanferminetako Oinez Txokoa eta egitaraua

Abestiarekin batera, aurtengo Oinez Txokoaren nondik norakoak, eta Sanferminetarako prestatutako kontzertu eta bestelako jardueren berri ere eman du Maider Ansak, Jarduerak batzordearen arduradunak. “Kontzertuetan, Brigade Loko, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! bezalako taldeak ariko dira. Jarduerak, hala ere, publiko guztietara egokitu dira; hala, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak… ere izanen dira. Sare sozialetan zabalduko da egitarau osoa eta webgunean ere ikusgai izango da”.

Nafarroa Oinez jardueretarako buru den Ansak gogorarazi duenez, urtero bezala, “Takoneran kokatutako txosnan ez da faltako jana eta edana. Mota guztietako ogitartekoak eta jai-giro desberdinak: lasaia eta familiartekoa goizean, eta jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean”.

Goizeko 10:30ean hasi eta 03:30ak edo 2:00ak arte, egunaren baitan, ateak zabalik izanen ditu Oinez Txokoak nahi duten guztientzat. Horretaz guztiaz gain, materiala ere izanen da salgai: kamisetak, leggins-ak edo soinekoak adin tarte guztietarako.

Antolatzaileek Oinez Txokoan antolatutako jardueretan parte hartzeko gonbita luzatu dute baita urriaren 8an, Etxarri Aranatzen, ospatuko den Nafarroa Oinez egunean ere.

https://www.youtube.com/watch?v=ImAO82h8kEM

www.nafarroaoinez.eus  



Itzuli
Nafarroa osoan bai! izena du aurtengo Nafarroa Oinezen abestiak Nafarroa osoan bai! izena du aurtengo Nafarroa Oinezen abestiak