2022/11/26

Andra Mari Ikastolak Nafarroa Oinez 23 Sakanako jendarteari aurkeztu dio gaur, azaroak 26, larunbatarekin, Arbizuko kiroldegian.

 Ilusioz beteriko festa burrunbatsua izan da. Batetik, 2023ko festaren helburuak, leloa eta logotipoa aurkeztu dituzte, eta, bestetik, Oinezeko material berrien desfile jendetsu bat egin dute.

Adarra, txalaparta eta irrintzi hotsak gailendu dira kiroldegian, eta bertaratu diren sakandarren aurpegietan ilusioa antzematen zen. Biolin eta akordeoi doinuak ere ez dira faltatu, eta musikaren erritmora mugitu dira parte hartzaileak. Beraz, “hots eginez” eta euskara lau haizeetara aldarrikatuz ospatu dute aurkezpen festa, 2023ko Nafarroa Oinezen leloa (hotsein!) eta  logotipoa (bozgorailua) izan baitira protagonista nagusiak. 

Sakana, euskararen arnasgune

Hitza hartzen lehena Iñigo Orella Ikastolako zuzendaria izan da. Esan du “Nafarroa Oinez betiko gogoan gordetzen dugun festa” dela, eta gogora ekarri du euskararen etorkizunarentzat zein garrantzitsuak diren euskararen arnasguneak. Nabarmendu du, aldi berean, “balio izugarria duen zerbait daukagula Sakanaren bihotz-bihotzean: euskara bizia, anitza, eta aberatsa”.

Bestalde, Ikastolen hezkuntza proiektuaren izaeraz ere, hitz egin du, “eredu inklusiboa, parte hartzailea eta kooperatiboa” baita. Gero, Izaskun Errazkin Ikastolako lehendakariordeak belaunaldien arteko loturaz aritu zaie harmailetan eserita zeuden ikusle guztiei. Gogora ekarri du Andra Mari Ikastola 1969an jaio zela 12 ikaslerekin, eta gaur egun 409 ikasle dituela, 247 familia, eta 56 langile. Errazkinek adierazi du “belaunaldiz belaunaldi jende anitzek egindako ahaleginari esker, hasieran sortzaileek landatu zuten zuhaitza gaur egun baso bat dela”. “Ikastola gurasoengandik jasotako altxorra” dela ere adierazi du, “seme-alabei transmititu nahi izen diena”. 

Desfilean 200 bat lagunek hartu dute parte

Aurkezpen festa Nafarroa Oinezeko Jarduera Batzordeak antolatu du. Desfilerako arropak eta materiala prestatzeaz, ordea, Material Batzordeko kideak arduratu dira. Desfilean 200 bat lagunek hartu dute parte. Ikastolako haur eta familiez gain Sakanako hainbat eragilek desfilatu dute, Nafarroa Oinezi babesa emateko asmoz. Baina hunkigarriena izan da haurrak eta aintona-amonak elkarrekin desfilatzen ikustea. Oholtza gainean kolore askotako arropa eta material ederrak ikusi ahal izan dira, adin guztietarako egokiak. Ohiko arropa zuriez eta beltzez gain, Sakanako basoko kolore biziak nabarmentzen dira Oinez kolekzioan: berdeak, gorrixkak, horixkak, laranjak… Beste osagarri erabilgarri batzuk ere osatzen dute, bestalde, bilduma: poltsak, bizkar-zorroak, euritakoak, botilak...

informazio gehiago eskuratzeko: 

komunikazioa2023@oinez.ikastola.eus 

 

   Andra Marik Nafarroa Oinez 23 aurkeztu du Sakanan. (2022/11/26)



Itzuli
Hots eginez aurkeztu dute 2023ko Nafarroa Oinez Sakanan Hots eginez aurkeztu dute 2023ko Nafarroa Oinez Sakanan