2023/05/02
Jardunaldiaren asmoa izan da Nafarroa Oinez 2023ko helburuak lau haizeetara zabaltzea, Hotsein! lelopean. Batetik, arnasguneen erreferentzialtasuna gero eta estrategikoagoa dela nabarmendu nahi izan da, eta, bestetik, kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzaileen aldeko aldarria egin nahi izan da.
Euskararen arnasguneen erronkez, Alberto Barandiaran kazetariaren gidaritzapean, aritu dira Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari orokorra), Kike Amonarriz (soziolinguista, aurkezlea eta Topaguneko lehendakaria) eta Garikoitz Goikoetxea (UEMAko teknikaria). Nafarroan D ereduaren arnasberritzeaz aritu dira Josu Reparaz (Nafarroako Ikastolen zuzendaria), Nora Salbotx (Amaiurko eskolako zuzendaria eta maistra) eta Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria), Iñigo Orella Altzueta, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagokioa, moderatzaile zutela.
Jardunaldian 50 bat lagunek hartu dute parte aurrez aurre, eta streaming bidez beste mordoska batek. Jardunaldira euskalgintzako, hezkuntza komunitateko eta erakundeetako kide ugari etorri dira; besteak beste, Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea, edo eta Sagrario Aleman eta Andres Iñigo euskaltzainak.
Jardunaldien amaieran, Andra Mari Ikastolak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, eta Sakanako Mankomunitateak, mahai-inguruan adituek proposatutako erronketan oinarrituta, 10 puntuko adierazpen hau egin dute.
Bi mahai-inguruak grabatu egin dira, eta ikusgarri daude esteka honetan.
Euskararen arnasguneen erronkak
Euskararen arnasguneen erronkak zein diren aztertzerakoan, ikusi da azken inkesta soziolinguistikoaren arabera euskararen ezagutza handitzen ari bada ere, erabilera moteldu edo atzera egin duela. Baina horretaz gain, beste harimutur batzuei ere eutsi diete hizlariek.
Garikoitz Goikoetxeak udalerri euskaldunen lurraldeak handitu direla adierazi du, eta arnasguneen inguruko eskualdeburuetan euskararen egoera hobetu dela, nahiz eta babes mekanismoak martxan jartzearen beharra ere azpimarratu duen, euskararen eremuek sendo egoten jarrai dezaten. Arnasgune hauen mehatxu nagusia demografiaren bilakaera dela esan du; hau da, jaiotza kopuruaren jaitsiera eta gazteek hirietara joateko duten joera. Idurre Eskisabelek, gainera, genero ikuspegia gehitu dio argudio horri. Eskisabelen arabera, gehiago dira kanpora egiten duten emakumezkoak eta horrek desoreka sortzen du herrietan.
Kike Amonarrizek, berriz, aurkako mugimendua ere aztertu du; hau da, hirietatik herrietara joaten diren familiena, eta migranteena. Arnasguneak arnasgune izaten jarrai dezaten, harrera politika egokien beharra aipatu dute hirurek. Hizkuntzaren globalizazioaren gaia ere aztertu da mahai-inguruan, herrialde askok adierazi baitute haien kezka eta guk ere horri eutsi beharra azpimarratu dute. Islandia, Suedia eta Danimarka aipatu ditu Eskisabelek, oso kezkatuta baitaude estatu hizkuntzen ahuleziarekin. Eskisabelek dioenez, homogeneizazio joeraren aurka hizkuntz gutxituen aldeko defentsak potentzialitate handia du, mundu hobe baten defentsan tokian tokiko kultur komunitateei eustea indargarria baita, humanitate zertzeladekin nortasuna indartzen delako.
Aldi berean, D eredua, hezkuntzatik haratago, eremu ez formalera eraman beharra ere aldarrikatu du Kike Amonarrizek, adibidez aisialdira eta lan mundura.
Etorkizunera begira, Idurre Eskisabelek esan du 90. hamarkadako estrategiak gainditu behar direla, elebitasun sistemikoaren paradigmetatik kanpo.
Amonarrizek, aldiz, euskaldunon desberdintasunak ez nabarmentzearen alde egin du, eta, adibidez, “euskalki” hitza ez erabiltzearen alde egin du, “hizkera”
hitzaren alde.
Euskaren kontrako epaiez, UEMAko ikerketa arduradun Garikoitz Goikoetxeak lege babes faltan jarri du lupa, eta epaiek eragindako kaltea ekarri du gogora.
Esan du kanpo kontratazioak administrazioaren barne produktu gordinaren % 20 direla, eta pisu handia dutela. Kike Amonarrizen ustetan, hizkuntzen epaien auzia
Europara emana behar da eta dinamika sozial berriak sortu behar dira. Ahalduntzearen aldeko aldarria egin du.
Nafarroan D eredua arnasberritu beharra
Parte hartzaileek aztertu dute, batetik, Nafarroa Garaian euskara hutsezko ereduak hartzen duen espazioa, eta, bestetik, hezkuntzatik nola eragin daitekeen euskararen esparru sozial eta geografikoa zabaltzeko.
Datuen arabera, jaiotza tasak behera egin du, eta migrazio fluxua eta zahurgarritasun tasa handia da. Nafarroan ikasle gehienek ez dute aukerarik euskararekin kontaktua izateko. Nora Salbotxen arabera, ez dira landa eremuko eskolen eskubideak kontuan hartzen, lurralde oreka falta baita. Salbotxen arabera, horrek hizkuntzan eta hezkuntzan eragiten du, politikak herriei bizkar emanda egiten baitira. Agurne Gaubekak aldiz, nabarmendu du Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskarak eta D ereduak aitortza behar duela eta politika eraldatzaileak egin behar direla. Horretarako, planifikazioa eta elkarlana behar dira.
Josu Reparazek mezu positiboa zabaldu nahi izan du, eta esan du D ereduak asko duela egiteko eta erronka zabala dugula. D ereduak euskarari eutsi behar diola esan du, eta euskara herriaren nortasun ikurra dela.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Gaubekaren esanetan, migranteei euskara ikasteko eskubidea ukatzen zaie. Gainera administrazio publikoetatik transmititzen zaiela, euskara zailtasun eta oztopo iturri dela.
Hezkuntzako hizkuntza ereduez ere aritu dira, eta adituek euren kezka azaldu dute, Nafarroako ikasleen % 62 PAI ereduan ari baita. Adierazi dute ereduen paradigma gainditu daitekeela, eta G eredua desagerrarazi beharko litzatekeela, euskarazko gutxieneko irakaskuntza Nafarroa osora zabalduz. Aldi berean, eleaniztasunaren aldeko apustua egin beharra ere aipatu da. Esan da, bestalde, ezagutza ez dela nahikoa, eta euskara ikastea ez dela gaitasuna izatearen bermea. Nabarmendu dute eskola ez dela nahikoa, eta estrategia bateratuak behar direla aisialdian eta beste eremu batzuetan, hizkuntz murgiltzea bermatzeko. Baina Nafarroan maila politikoan paradigma horietatik oso urruti gaudela esan dute.
Zonifikazioari dagokionez, Agurne Gaubekak esan du saldu dela Nafarroan D eredua edozein herritan sor daitekeela, baina araudian xehetasun falta dagoela eta irizpideen erabilera maltzurra egiten dela. Horren adibideak badaude: Mendigorria, Larraga, Lerin... Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Maparen aitzakian oztopoak jarri ditu. Reparazek ere esan du zonifikazio arazoa larria dela, eta jantokirako eta garraiorako eskubidea ez dela beti bermatzen. 3 parte hartzaileek, bestalde, bat egin dute curriculum propio baten beharra aldarrikatzerakoan. Josu Reparazek ikasle euskaldun aktiboa, ekintzailea eta kooperatiboaren alde egin du, eta material propioa izatearen alde. Nora
Salbotxek koloniazioaren salaketa egiten du, eta, horregatik, euskal curriculuma inposizioak gainditzeko tresna dela azpimarratu du. Hori bai, ardatz berriak
lantzearen alde agertu da: besteak beste, feminismoa, ekologia, zaintzaren pedagogia, sareen erabilera kritikoa...
Mahai-inguruaren azken txanpan hirurek argi adierazi dute beharrezkoa dela hezkuntza eragileen arteko adostasuna, elkarlana eta akordioetara iristeko gaitasuna. Bazterkeriak alde batera utzi eta ipar bera izan beharko genuke denok:
euskara indarberritzea.
AMIAK
Hona hemen, azpiko loturan, adituek eginiko Nafarroako D ereduaren egoeraren eta euskararen erronken AMIAK:
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU