2022/11/21

 Mustutze-ekitaldia herriko plazan hasi da, 18:00etan. Ondoren, hamaika lagun bildu dira, Kale Nagusiko 2.  zenbakiko pertsiana igotzeko irrikitan.

Bertan bildu dira Ikastolako hainbat eta hainbat ikasle, guraso eta herritar, eta musikaz lagundurik, dendara abiatu dira kalejiran. Giroan poz handia sumatzen zen, Nafarroa Oinezeko Material, Grafismo eta Muntaketa Batzordeetako kideek denbora asko baitaramate dena antolatzen. Momentua iritsi denean, arduradunek Kale Nagusiko 2. zenbakiko pertsiana jaso, atea ireki, eta argiak piztu dituzte, bertaratutako guztiak lekuko zituztela. 

Jarraian, Izaskun Errazkin Ikastolako lehendakariordeak eta Iñigo Orella zuzendariak eskerrak eman dizkiete hurbildu diren guztiei, baita denda eta biltegirako tokiak utzi dituztenei ere. Era beran, etorriko den urtearen aurrean, animo eta ilusiozko mezua zabaldu dute. 

Zinta-mozte ekitaldiko protagonistak Marixele Huizi, Juan Manuel Sánchez, eta Oihana Huizi eta bere seme-alabak izan dira 

Belaunaldi berrien ordezkari

Eta, azkenean, zinta mozteko unea etorri da. Marixele Huizi, lokalaren jabea, izan da protagonista nagusia. Beti erakutsi du atxikimendu handia Ikastolarekin eta oraingoan ere musu-truk utzi dio lokala. Marixeleri Oihana Huizik eta bere seme-alabek lagundu diote, belaunaldi berriaren ordezkari moduan. Zintari, bestalde, Juan Manuel Sánchezek eusten zion, lehen belaunaldietako familien ordezkari moduan. Juan Manuel Ikastolako guraso ohia eta gaur egungo ikasleen aitona da, eta Alkartetxeko ordezkaria ere bai. Esan beharra dago elkarte horrek ere azpiko solairua musu-truk utzi diola Ikastolari, biltegitarako. 

Arropetan, Sakanako basoetako koloreak dira nagusi (berdeak, horixkak eta gorrixkak), eta hotsein! leloa eta bozgorailua nabarmentzen dira. 

Sakanako koloreak

Behin ekitaldia amaituta, hurbildutako guztiek dendan sartzeko aukera izan dute, eta Nafarroa Oinezeko materiala primizian ikusi, ukitu eta probatu ahal izan dute: kamisetak, izerditakoak, legginsak, poloak, poltsak, motxilak, aterkiak, katiluak, biserak, galtzerdiak, buffak, … Arropetan, batez ere kamisetetan eta izerditakoetan, Andra Mari Ikastolako eta Nafarroa Oinezeko logotipoen koloreak dira nagusi (berdeak, horixkak, eta gorrixkak), Sakanako basoetako hostoetan bezala. Eta, nola ez, material guztietan nabarmentzen dira hotsein! lelo aldarrikatzailea, eta bozgorailu zaratatsua. 

Ordutegia

Antolatzaileek adierazi dutenez, denda goiz eta arratsaldez irekiko da: goizetan 10:30etik 13:00ak arte eta arratsaldetan 17:00etatik 20:00etara, larunbatetan izan ezik. Ordutegi hau, momentuz, urtarrilaren 9ra arte mantenduko da. Wegunearen bitartez, online erosteko aukera ere eskainiko da. Urtean zehar kanpoan ere salduko da materiala: lehenengo tokiak Lizarraga, Lizarra, Lesaka, eta Iruñea (Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala) izango dira.

 

  Oinez denda nobedadez beterik, Gabonetako oparia erosteko toki aproposa. (2022/12/18)



Itzuli
 Zabalik jada Nafarroa Oinez 2023ko denda Etxarri Aranazen  Zabalik jada Nafarroa Oinez 2023ko denda Etxarri Aranazen

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia