2022/10/16
Goizeko 10etan hasi da Nafarroako ikastolen eta euskaltzaleen festa, Nafarroa Oinez 2022.
Garcés de los Fayos Ikastola da aurtengo anfitrioia eta antolatzailea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bere eraikinean egin du inaugurazio-ekitaldia. Ekitaldian parte hartu dute, Ikastolako zuzendari Paula Arreguirekin eta lehen...
Adriana Salvo aktore eta Garces de los Fayos Ikastolako ikasle ohiak eta Eva Mediavilla zeinu-hizkuntzako interpreteak aurkeztu dute xume bezain hunkigarria izan den ekitaldia. Txalapartaren soinua izan da nagusi ekitaldiaren lehen minutuetan. Ondoren, Aritz Azcárate Garces de los Fayos Ikastolako lehendakariak hitz egin du, azken urtean egindako lana “gogorra” bezain “zirraragarria, dibertigarria, korapilatsua eta ilusio berritzailea” izan dela esanez. “Honakoa nekazarien lurraldea” dela gogorarazi du, eta “uzta jaso ondoren, berriro erein behar dela badakigula. Horrela jarraituko dugu gure ondarea, erdian ereiten (aurtengo Erdian Erein leloari erreferentzia eginez), gure seme-alabek euren ametsak euskaraz bete ditzaten.” Ildo beretik, “kooperatibismoa, autogestioa, parte-hartzea, elkartasuna eta auzolana” azpimarratu ditu ikastolen nortasunaren ezaugarri gisa. Gainera, zorionak eman dizkie “gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alde borrokatzen jarraitzen dugun euskaltzale guztiei”, eta festara bertaratu direnei ikastola “proiektuak dakarren bizi-filosofia horri hasiera eman zioten pertsonek ezarritako helburuei eusteko” dei egin die.
Ondoren, ordezkari politikoei eta Nafarroako 15 ikastolei ezkur bat barruan zuen kutxatxo bana eman zaie (Oinez jaiaren ikurra), eta euskara bezala hazi eta loratu dadin zaindu dezaten animatu zaie. Ekitaldi sinboliko hau laiek musikaren doinuan dantzatzen zuten bitartean egin da. Ondoren, Jesus Arrizubieta Tafallako alkateak eta Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakariak hitz egin dute; honek adierazi du “Tafallako Garces de los Fayos ikastolak mende
erdia” (50+2 urte) daramala “kalitatezko hezkuntza euskalduna eskainiz”. “Lan horri esker, euskarak Tafalla inguruan duen presentzia irmoki sustraitu da, eta gaur egun esan dezakegu eremu honetan jende askok euskara erabiltzeko aukera duela”, nabarmendu du. Era berean, adierazi du “gizartea beti joan dela legeen aurretik”, eta gogorarazi du Hizkuntza-Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 12. artikuluak honakoa jasotzen duela: “Gizaki orok eskubidea du, alor publikoko jarduera guztiak bere hitzkuntzan egiteko, baldin eta lurraldeko hizkuntza propioa hori baldin bada”. “Zoritxarrez, Nafarroan, egun indarrean dagoen Euskarari buruzko Legeak ez du halakorik bermatzen, ez du biderik ematen herritar euskaldun askoren hizkuntza-eskubideak bete daitezen, ez baitio euskarari ofizialtasunik aitortzen Nafarroako Foru Komunitate osoan. Horregatik eskatzen dugu herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bete daitezen eta Euskal Herriko Iparraldean euskaraz ikasi duten gazteek ere Baxoa eta Brebetako azterketak euskaraz egiteko eskubidea izan dezaten” aldarrikatu du.
José María Aierdik, Bigarren lehendakariordeak zorionak eman dizkio antzolakuntzari bere jaia bizirik mantentzeagatik eta euskaltzaleek asko maite duten ekitaldia bihurtzeagatik.
Ondoren, Jose Anduezak, Marta Vallesek, Araia Bellosok eta Elene Martinezek inaugurazio-zinta moztu dute. Modu hunkigarri horretan inauguratu da ibilbidea.
Jarraian, Tafallako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, gaita jotzaileekin batera, bidea ireki die ordezkari politikoei, zeintzuek gune ezberdinak (Sustrai, Kimu, Hazi eta Zuhaitz) bisitatu eta zirkuitua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan baituten.
Ibilbidea Tafalla Kulturgunean amaituko da, non 12.00etatik aurrera, Oinez-en edizio berriaren bideoklipaz gozatzeaz gain, Nafarroako Ikastolen Federazioak Iparla Elkartea omenduko baituen, protokolorako luntxa prestatuz Oinez jaiari egindako ekarpenagatik.
Sury Belloso ikastolako ikasle ohiak, bere aldetik, dantzarekin gozaraziko dio publikoari, Tafallako txistularien alardeak lagunduta.
Bukatzeko, Garcés de los Fayos Ikastolak Nafarroako Ikastolen Federazioari pasatuko dio lekukoa, eta honek, berriz, Gotzon Pérezi eta Iñigo Orellari, hurrenez hurren, Etxarriko Andra Mari Ikastolako lehendakariari eta zuzendariari, honak antolatuko baitu hurrengo Nafarroa Oinez.
Nafarroa Oinez abian da. Ez dago aitzakiarik gaur Tafallara ez joateko, egitarau zabala prestatu baitute.
Erdian Erein!
AUTORITATEAK / AUTORIDADES
ALDERDI POLITIKOEN ORDEZKARITZA / PARTIDOS POLÍTICOS REPRESENTACIÓN
Honako erakunde hauen ordezkariek ere baieztatu dute etorrera EUSKALTZAINDIA, EUSKO IKASKUNTZA, KONTSEILUA, BEHATOKIA, TOPAGUNEA, AEK, IKA, ERRIGORA, BERTSOZALEEN ELKARTEA, EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEA... eta, horiez gain, Euskalgintzarekin, hezkuntzaren eta kulturarekin lotutako beste hainbat ordezkariek ere. Eta, Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolako zein Nafarroako gainerako ikastolen ordezkaritza zabala.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU