2022/05/14

Artaxoak Tafallako Nafarroa Oinezen aldeko jardunaldi jendetsua ospatuz agurtu du maiatzaren 14a. Izan ere, Oinezek Herriari Herri Kirol Txapelketaren hiru finalaurretatik azkenengoa bertan burutu da. Ekimenaren helburua herri-kirola eta euskara Nafarroa Erdialdeko herrietan plazaratzea da. Hain zuzen ere, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko dugun maitasuna aldamenekoen arteko hurbilketa errazteko bide izatea nahi da, eta bide hori ahalik eta dibertigarri eta osasungarrien izan dadin bilatu da. Zalantzarik gabe lehiaketaren asmo nagusia lortu dela baiezta daiteke, eta horren adierazle dira asteburuz asteburu, herriz herri, txapelketara gerturatu diren lagun guztiak.

Orotara, Tafalla eta Artaxoako 7 talde mistok parte hartu dute eta Akerbelarra taldeak 32 puntu eskuratu ostean, hura da Tafallan ekainaren 4ean eginen den finalean parte hartuko duen azkenengo hautagaia. Tafallako finalean Kanku taldea (Erriberrin apirilaren 23ko finalaurrekoan irabazle izandakoa) Berbintzana taldea (Gainoainen apirilaren 30ean) eta Akerbelarra taldea (Artaxoan) lehiatuko diren egun berean, Garcés de los Fayos Ikastolaren 52. urteurrenaren jaia ospatuko da, programatutako jarduerak goizeko 12.30etatik aurrera hasiko direlarik.

Artaxoari dagokionez, herriko eskolan aurrera eraman diren ekintzak goizeko 11.00etatik arratsaldeko 16.00etara luzatu dira eta jai-giroa nagusi izan da. Laiak, aurpegia margotzeko tailerrak, erraldoiak eta birziklatutako materialez egindako haurrentzako gunea ez ezik, jotariek, gaitariek zein Artaxoako abeslariek egindako musika entzuteko parada egon da.

Horrez gain, Artaxoara gerturatu diren lagun guztiek herrian egun osoa igaro ahal izateko, antolakuntzak bertan bazkaldu eta edateko aukera ematen duen barra muntatu du.
 

  OINEZEK HERRIARI - ARTAXOA



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia