2022/04/30
Jardunaldiak ez du hutsik egin eta dozenaka pertsona gerturatu dira gaurkoan Garinoainera Tafallako Nafarroa Oinezen alde. Hain zuzen ere, Oinezek Herriari Herri Kirol Txapelketa izena duen ekimenean parte hartu dute. Era honetan, herri kirola eta euskara Nafarroako Erdialdeko herrietara plazaratzeko helburuarekin, topagune giro osasungarria eta dibertigarria sortzeko asmoz. Eta hala izan da. Jendearen etorreratze izugarriak Garinoain euskararen arnasgune bilakatu du egun batez.
Guztira, Berbintzana, Amatriain, Iratxeta, Garinoain, Puiu, Barasoain eta Tafallako 11 talde mistok parte hartu dute. Berbintzana taldeak 47 punturekin puntuaziorik onena lortu duenez gero, Tafallan ekainaren 4an lehiatuko da. Izan ere, Zidakos ibaiaren hiriburuan ospatuko da final handia, Ikastolako 52. urteurrenaren jaiarekin batera. Finalean parte hartuko du, halaber, apirilaren 23an Erriberrin jokatutako finalaurrekoan puntu gehien lortu zuen taldeak (Kanku), eta gauza bera egingo du datorren maiatzaren 14an Artaxoan irabazten duenak.
Berriz ere Garinoaini men eginez, nabarmendu behar da ekintzak Murugain Elkartean egin direla 11:00etatik 20:00etara. Bertan ipuin kontalariak, pailazoak, pilota tailerra, erraldoiak eta birziklatutako materialez egindako haurrentzako gunea jarri da, etxeko gaztetxoenen gozamenerako. Kontzertuak ere ez dira falta izan, Ahuntzak eta Baldetxea taldeei esker, hain zuzen ere.
Garinoainera gerturatuko lagun guztiek egun osoa herrian igaro ahal izateko, antolakuntzak bertan bazkaldu eta edateko barra bat jarri du.
Artaxonan eredu bera jarraituko da. Hau da, parte-hartzea sustatzeko txapelketara joaten diren ikusleentzako programazio paraleloa egonen da. Datozen egunetan jarduerak iragarriko dira.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU