2022/02/17

ANDEREA DOKUMENTALAREN AURKEZPENA TAFALLAN

Kondairak beti izan dira historiaren parte. Betidanik, gizakiak bere inguruan gertatzen denaren gaineko azalpena izateko beharra sentitu du, horretarako pertsonaiak eta izaki mitologikoak sortu dituelarik. Euskal Herrian, mendi eta basoei lotutako mito eta kondaira asko dago, bertan bizi ziren izakiak oinarri hartuta, errealitatea sinesmenekin nahastuz. Zaila izango da Euskal Herrian Mari pertsonaia mitologikoa ezagutzen ez duen norbait topatzea.

Anboto, Oiz, Mugarra, Aketegi, Murumendi, Txindoki, Gorbeia, Orobe... Bizileku ugari du Marik Euskal Herrian, euskal mitologian jainkosa nagusia, Anderea edo Dama izenaz ere ezaguna dena. Batetik bestera ibiltzen da, aurretik lau zaldi dituen gurdi batean eserita; zerua ziztu bizian zeharkatzen duen suzko bola bilakatuta; ahari baten gainean; edo kateak arrastaka... Lurpean animalia itxuradun, emakume dotore azalera irteten denean, gorriz jantzita maiz.

Yolanda Mazkiarani haurra zela kontatzen zizkion aitak herrian bertan, Orobeko kobazuloan bizi zen Damaren istorioak. Orduan ez zen jabetzen, baina gerora, istorio haien atzean oso interesgarria den mundu bat zegoela konturatu zen, baita galtzear zegoela ere. Sakontzen hasi zen orduan eta urteak eman ditu zeregin horretan. Izan ere, bere kabuz, bere baliabideekin eta sekulako esfortzuaz sortu du ordu eta laurden pasatxo irauten duen dokumentala. Mariren ikuspegi ahalik eta zabalena osatzeko zenbait aditu elkarrizketatu ditu, besteak beste Juan Ignazio Hartsuaga, Claude Labat, Ixabel Millet, Josu Naberan, Toti Martínez de Lezea, Pello Zabala eta aparteko laguntza eskaini dion Enrike Zelaia.

Yolandaren iritziz, gaurkotasun handiko mezua dakar Andereak. Ez da bakarrik iraganeko oihartzuna, ezta gutxiagorik ere, lurrarekiko errespetua eta zaintzaz mintzo zaigu, baita emakumearen protagonismoari buruz ere.

Anderea dokumentala Euskal Herriko txoko ugarietan aurkeztu da. Gure mugetatik kanpo ere piztu du interesa, izan ere, Txileko eta Argentinako etxeek dokumentala ikusteko interesa erakutsi dute. Yolandak ordea, nahiago ditu hurbileko formatua duten emanaldiak, publikoaren harrera gertutik ezagutzeko eta iritziak partekatzeko aukera ematen dutenak, alegia. Hain zuzen ere, ahozkotasunaren tradizioa berreskuratu nahiko luke, hau da, belaunaldiz belaunaldi ahoz igarotzen diren kultura adierazpenak, arbasoen jakintza eta bizipenak jasotzen dituztenak.

Ikastoletan Curriculumaren euskal dimentsioa aintzat hartzen dugu, euskal kultura ondarea gorde eta luzatzeko konpromisoa gureganatuta, euskal kulturaren elementu bereziak landu eta ikasmaterialetan adierazten direlarik. Haurrak bere inguruko agerpen kulturalekiko interesa eta errespetuzko jarrera gara dezan, interesguneen testuingurura ekarrita. Tradiziozko abestiak, olerkiak, esaera zaharrak, musika, festak, folklorea, mitologia… eskaintzen dira.

Anderea dokumentalaren aurkezpena oso modu naturalean txertatu dugu 2022ko Nafarroa Oinez jarduera programan, ikastolaren jarduerarekin bat egiten baitu, are gehiago, Nafarroa Oinezen aitzakian, ikasgelatik at, euskal mitologiaren inguruan aritzeko aukera eskaintzen digu. Halaber, dokumentala auzolan testuinguruan sortu da, ikastola ereduak eta Nafarroa Oinez berak oinarri dutena.

Mendez mende memoria kolektiboan gorde den Anderea figura nor den jakin nahi duenak, hurrengo otsailaren 23an, asteazkenarekin, 19:00etan Tafallako Kultur Etxera hurbiltzea besterik ez du. Bertan izango da Yolanda Mazkiaran, zeinek proiekzioaren aurretik aurkezpen laburra egingo duen eta ondotik ere elkarrizketarako prest egonen den. Dokumentalak azpitituluak izango ditu, eta hortaz, euskara menperatzen ez duenak ere  inolako arazorik gabe jarraitu ahalko du filma.

 

Anderea dokumentalaren aurkezpena

Eguna: Otsailak 23, asteazkenarekin

Lekua: Tafallako Kultur Etxea, Tubal 19

Ordua: 19:00etan

Gaztelaniazko azpitituluaz



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia