2021/09/20
Hamabost eguneko kanpaina izan da, non zerrendako pertsona bakoitzak, bere sinadurarekin, euskara eta euskal kultura aldarrikatzeaz gain munduko gainontzeko hizkuntza gutxituekiko ere bere babesa adierazi baitu.
Hain zuzen, lehen astean, Lizarra Ikastolak 2016ko bideoa erabili zuen mezua zabaltzeko: ‘Arraroa noski’, 1992an Bernardo Atxagak idatzitako abestiaren berregokitzapena. Abesti honetan, planetako hainbat tokitako haurrek, euskaraz gain, hainbat hizkuntza gutxituetan kantatu zuten (kitxua, korsikera, valentziera, etab.). Emaitza: lehenengo lau egunetan 300 atxikimendu lortu ziren. Batez ere Estellerriko bizilagunenak, kanpainaren abisua posta, whatsapp edo sare sozialen bidez jaso zutenak. Ikastolak komunitateari egiten dion ekarpena adierazten dituzten sinadurak, ahaztu gabe atxikitze bakoitzak euskal hizkuntzari, euskal kulturari eta ikastetxearen helburu nagusia den eskualdea euskalduntzeari babesa adierazten duela.
Izan ere, nabarmendu egin behar dira Lizarrari lotutako hainbat eremutako instituzioen eta erreferenteen sinadurak, ikusgarritasun handiagoa ematen eta ekimena goresten lagundu baitute besteak beste, hiriko alkatea Koldo Leozek, Andrea Barnó olinpiar medallistak edo Oier Sanjurjo Osasuna Club Atletikoko kapitainak.
Baina ez dira bakarrak izan. Jagoba Arrasatek, talde gorritxoko entrenatzaileak, Jonan Apaolazak, Julian Iantzik eta Klaudio Landak ETBko aurkezleek, Oinatz Bengoetxea pilotariak, Jesus Maria Oreja pilotari ohiak, Castillo Suárez idazleak, Erika Lagoma bertsolariak, Unai Esparza txirrindulariak, Jon Moncayola futbolariak, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Zaloa Ipiña artistak, NIEren lehendakari izandako Izaskun Arratibelek edo Elena Zabaletak NIEren gaur egungo presidenteak ere bat egin dute manifestuarekin, eta adierazi dute gai honek sektore desberdinei eragiten diela eta batzen dituela; eta, eremu horietan guztietan nabarmendu denez, gai garrantzitsua dela uste dutela.
Aipatu behar da, halaber, dokumentuak Nafarroa osoko sinadurak biltzen dituela -Iruñea, Aiegi, Elizondo, Bera, Cintruenigo, Villafranca...-, Euskal Herria osatzen duten lurralde guztietakoak -Hernani, Donostia, Gasteiz..- eta munduko hainbat tokitakoak: Los Angeles, Bartzelona, Hegoafrika, etab. Horrek erakusten du mundu globalizatuan badela lekua hizkuntza gutxituentzat, planeta mailan eta leku urrunenetatik ere, badela gai honekin enpatizatzen duenik, tokiko errealitate bat konexio unibertsal bat sortzeko gai dela; eta, garrantzitsuagoa dena, euskara normalizatu daitekeela, eta, beraz baita kitxua, korsikera, valentziera...eta abar luzea ere.
Bada oraindik lana egiteko. Horregatik, manifestua urte osoan sinatu ahal izango da, kanpaina honen aurretik ere egin zitekeen bezala. Lizarraren ekarpena adierazpen honek defendatzen eta aldarrikatzen duen guztia zabaltzea eta bultzatzea izan da: mundua eleanitza dela; hizkuntzek planeta kulturalki aberasten dutela; nortasunaren eta herrien garapenean oinarrizkoak direla; eta hizkuntza horiek errespetatzeko eta hezkuntza-arloan batez ere laguntza izateko, hizkuntza horiek beren lurraldean legezkotasun osoa izateko eta gizarteko esparru guztietan erabiltzeko eskubidea onartu behar dela. Izan ere, txikiak, 15 egun hauetan jasotako babes eta atxikimendu uholdea bezain handiak dira. TXIKIAK HANDI!
Sina ezazu manifestua Txikiak Handi webgunearen bidez:
http://www.nafarroaoinez.eus/txikiakhandi/manifiesto.asp?IdContenido=7&idioma=eu
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU