2021/06/15
'Ikastolak Herriari' ekimenaren baitan antolatu du aurreneko aldiz Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Komiki Lehiaketa, «lehiaketa baino parte-hartzea sustatu nahi izan du ekimenak». Lehiaketa ere badenez, ordea, badu irabazlea: Laudioko ikastolako Jugatx Jiashang Larrakoetxea Gorostidik irabazi du, 'Amaiur 150. Amaiurko setioa' lanarekin.
Lehen edizio honetan gaia emana izan da. Hain zuzen ere, Amaiurko gazteluaren setioaren inguruko kontakizun bat osatzea eskatu zitzaien egileei. «Batzuek kontakizun hori hartu dute gaitzat; beste batzuek, berriz, gaiaren garaian kokatu arren, amodiozko narrazio bat asmatu dute. Badira garai hartan oinarritutako bestelako kontakizunen bat asmatu dutenak, eta baita hamaseigarren mendea eta gaur egungo aroaren arteko lotura egin duenik ere», azaldu dute.
Lehiaketara aurkeztu diren 39 lanak aztertu ondoren, Dani Fano eta Ainara Azpiazu 'Axpi' komikigileek eta Koldo Aldabe Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kideak osatu duten epaimahaiak aho batez erabaki du gazte arabarrarena dela lanik onena. «Irudigintza bezala narrazioa ere aintzat hartuta» Jugatxen 'Amaiur 150' lanak merezimendu osoz jaso duela saria azpimarratu du epaimahaiak.
'Amaiur 150. Amaiurko setioa', Xabiroi komiki aldizkariaren urriko zenbakian argitaratuko da, eta Dani Fano komikigile eta aldizkariaren zuzendariak lagunduko dio Jugatxi aldizkarian argitaratzeko edizio lanetan.
Lehiaketaren helburu nagusia «komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea» da eta, era berean, «komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori ematera». Ikasleek urratsa egin izana ere saritu nahi du Ikastolen Elkarteak eta, horretarako, parte-hartzaile guztien artean marrazteko tabletak eta Xabiroi bildumako albumak zozketatu dira. Gainera, parte-hartzaile guztiei Xabiroi aldizkariaren urtebeteko harpidetza bana oparitu zaie.
Bestetik, komiki irabazlearen ilustrazioak nahiz gidoia egile berarena izan bada ere, epaimahaiak azpimarratu du lanik gehienak talde lanaren emaitza izan direla. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak. Lan guztiak ikastolen jaietako webguneetan jarri dira ikusgai.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU