2021/05/25

Aurtengo Ibilaldia Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek antolatu dute. Pandemia egoera tarteko, ezohiko ospakizuna izango da eta ez da egun bakarrean burutuko.

Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ez da egun bakarreko ospakizunera mugatuko, eta komunitatea indartzeko kultur proiektu osoa izango da. Horretarako, maiatzaren 30ean ospatuko den Ibilaldiaren aurretik, zenbait jarduera eta topaketa antolatu dituzte.

Bestalde, ikastolen jaiek Ikastolak Herriari dinamikari jarraiki, nazio mailako Euskal Joko eta Kirolak ekimen bateratua antolatu dute.  Langile, familia eta herriari topagunea  eskaini nahi izan zaie, elkartu, ongi pasatu eta harreman sendotzeko xedeaz.

Ibilaldiaren jarduera programan gainerako ikastolen jaiekin batera jorratutako Euskal Joko eta Kirolak ekimena uztartuta, joan den larunbatean, maiatzak 22,  ikasle ohiek, gurasoek eta langileek topaketa-eguna izan zuten Ander Deuna Ikastolan.

Bertan egon ziren Euskal Herriko beste lurraldeetako ikastolen jaiak antolatzeaz arduratuko diren zentroetako ordezkariak: Lizarra ikastolako taldea ­–Nafarroa Oinez– eta Beasain, Ordizia eta Lazkaoko ikastoletako kideak –Kilometroak–. Horietaz gainera, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako kideek bina talde aurkeztu zituzten lehiara; Herri Urratseko antolatzaileak ere egotekoak ziren, baina, baimen kontuengatik, ezin izan ziren bertaratu. Araba Euskarazeko lagunek ere ezin izan zuten oraingoan parte hartu.

Taldeek herri-jolasetako ohiko frogak egin zituzten: txingak, ingudea, zaku-eroatea, gisa-probak, harri-jasoketa, auzolana, trontza, lokotxak, sokatira, dantza eta bertsoak. Giro ederra sortu zen eta  alaitasuna izan zen nagusi taldekideen artean. Hurrengo topaketa Araba Euskaraz jaiari lotuta ospatuko da.

Lehia berdintsua izan zen, eta, azkenean, Nafarroako eta Gipuzkoako taldeek eskuratu zuten lehenengo postua, puntu kopuru berberaz.



Itzuli
EUSKAL JOKO ETA KIROLEN TOPAKETAK EUSKAL JOKO ETA KIROLEN TOPAKETAK

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia