2021/01/27
HERRI URRATS
Aurtengo Herri Urrats aurkeztu berri du Seaskak. 2021eko maiatzaren 9an izango da, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen bosgarren kolegioa eraikitzeko helburuari erantzungo dio. Koronabirusaren krisiak dena baldintzatzen duen garai hauetan, gogoeta luzea izan dute ikastolen festa ospatzeko moduari begira, eta aukera ezberdinak aztertu ondotik, bere horretan atxikitzea erabaki dute, maiatzeko bigarren igandean: «Herri Urrats data bat da, toki bat da; ohitura bat da», adierazi dute. Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute «inoren osasuna arriskuan ezarri gabe» eta baimendua izango denaren neurrian, ospakizuna atxikiko dutela. Festak izan ohi duen helburu ekonomikoari erantzuteko, Boga diru biltze kanpaina abiatu dute. 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez.
Boga izango da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa, arraunean bezala, elkarlanari esker aurrera joateko. boga.herriurrats.eus helbidean, bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko aukera izango du hala nahi duenak: teilak, ateak, leihoak, berogailuak, igogailua... 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago.
IBILALDIA
2021eko Ibilaldia Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko Ikastolak antolatuko dute.
2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez Sopela udalerriak hartuko du Ibilaldia eguna 2021eko maiatzaren 30ean.
Lelotzat “kalakalata!” aukeratu da. Hitz horrekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru barruraino hartzen duena, batzuetan deseroso ere sentiarazten gaituena. Baina, halaber, konpromisoa adierazi nahi da. Konpromiso sakona, oso osorik hartzen gaituena. Konpromisoa Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, konpromisoa elkarrekin aritzeko helburu komunak lortu nahian, konpromisoa euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, konpromisoa hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko.
Logoari dagokionez, berriz, guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudi bat aukeratu da. Pozez jauzi egiten duena beharbada, ur sakonetan murgildu nahi duena akaso… baina nolanahi, ekimena eta bizitasuna adierazi nahi duen irudia.
Helburuei dagokionez, Bizkaiko Ikastolen jaiaren bitartez Ikastola eredua indartu nahi da, ikastola komunitatea zein herriko eta erakundeekiko harremanak sakondu, ikastoletan dauden eraikinen berritze eta egokitze lanekin jarraitu eta proiektu pedagogikoa ezagutarazi. Halaber, zehar lerroak finkatuta dira: euskara eta euskal kultura bultzatuko duten ekitaldi eta ekimenak antolatuko dira, berdintasuna eta hezkidetza sustatuko dira, jasangarritasuna presente izango da eta ikastola komunitatearen partaidetza bultzatuko dira.
ARABA EUSKARAZ
2021eko ekainaren 20an ospatuko da Laudion Araba Euskaraz, “Zabal bideak” leloaren pean. Logotipoa edo irudi grafikoak berriz, irekitako leiho batetik ikusten den bide edo paisaia irudikatzen du.
Laudio Ikastolako zuzendaria den Jon Bengoetxea Martinezek esanetan lelo eta logotipoarekin gizarteratu nahi izan dute muina “une latzak bizi ditugun honetan, ilusioa eta kemena piztu nahi ditugu Zabal bideak leloarekin. Irudimena eta sormena baliatu nahi ditugu Ikastolak, Hezkuntza eta komunitate euskalduna biziberritzeko. Zabal bideak gogo horrek euskarari, parte-hartzeari, euskal kulturari, eraldaketa pedagogikoari egiten die erreferentzia. Hortik dator gure leloa eta hortik dator gure logotipoa. Ireki ditzagun gure leihoak, ireki ditzagun gure ateak, euskarari, hezkuntza eredu berriari eta Laudioko herriari”.
Araba Euskaraz ekimenak sortuko dituen baliabide ekonomikoei erreparatuta, hiru ardatz zehaztu dira sor daitezkeen funtsetarako: Laudio Ikastola garatzen ari den proiektu pedagogikoak behar dituen espazio arkitektonikoen egokitzapena, Ikastola eremua herrira zabaltzeko ekimena sustatzea eta aniztasuna eta inklusioari bideak eskaini ahal izateko errekurtsoak eskuratzea.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU