2020/10/29
Aste honetan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen arauen aurrean, azaroaren 13an Donostiako Kursaal-ean egingo den ‘Ikastolak Herriari’ ikuskizunarekin aurrera jarraitzea erabaki du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak. Baina neurrien ondorioz, eta aurrez iragarri zen ordu aldaketaz gain, beste hainbat aldaketa ere egin behar izan dira.
Hala, mugikortasun arauei jarraiki, ikuskizunera Donostiako bizilagunek zein mugakide diren herrietako biztanleek bakarrik joan ahal izango dute. Hala, sarrera erosita zuten Gipuzkoako zein gainerako herrialdeetako kideek sarrera itzuli beharko dute, erosi zuten bide berdina erabiliz. Sarreren dirua itzuli egingo da.
Iragarritako egitaraua mantendu egingo da, eta, beraz, euskarak eta euskal kulturak bermatuta izango dute ikastolek eskainitako plaza. Hala, ikuskizunean izango dira Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa, Nogen taldea, Demode Quartet taldea, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea. Musika, kantua eta dantza uztartuko dira ekitaldi honetan eta Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia.
Halaber, Euskal Telebistarekin lotutako hitzarmenaren bidez, azaroaren 21ean, ETBko lehen katean ikusi ahalko da ikuskizuna. Aurrez aurre ikusteko aukerarik ez dutenek, beraz, data hori gorde eta Euskal Herriko Ikastolei etxetik bertatik sostengua emateko eskatzen da.
Jarrai dezagun euskaraz eta euskal kulturaz gozatzen, kalean edo etxean, eta eman diezaiegun gure babesa Euskal Herriko Ikastolei.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU