2020/05/20
Duela aste batzuk, ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egin zirela iragarri zen, eta hurrengo asteetan berauek udazkenean egiteko aukera aztertu eta datak bilatuko zirela. Horretan aritu gara asteotan, jai guztiok elkarlanean. Faktore ugari izan dira kontuan hartutakoak: daten egokitasuna, logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentziozkoak… Azterketa sakonaren ostean, udaberriko ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatzea erabaki dugu.
Ez dugu etsi nahi, jai hauek ez direlako jai hutsak, helburu ugari dituzte:
Ardura eta erantzukizunez jokatuko dugu, noski, eta osasuna bermatzeko baldintza guztiak ezarriko ditugu: formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskainiz, garbiketa sakonduz...
Guztiarekin, jaiei eutsiko diegu, eta datak ere ezarri ditugu. Hauexek dira.
Bestalde, urriaren 18an ospatzekoa zen Nafarroa Oinez eguna urtebetez atzeratuko da. Euskal Herrian abendu-urtarrilean koronabirusa ekialdeko herrialdeetan sortzen ari zen egoeraren berri izan genuenean, nekez imajinatzen ahal genuen zetorkiguna. Ustekabean heldu zitzaigun larrialdi egoerak bat egin zuen Nafarroa Oinezen baitan antolatzen den jarduera programaren abiatzearekin. Beronen bitartez Lizarra ikastolak zenbait helburu eskuratu asmo zuen: Lizarra Ikastolaren 50. Urteurrena ospatzea, ikastolak Estellerrian euskalduntze prozesuari dagokionez erakutsitako konpromisoa berrestea, ikastola guztiona izanik kooperatibismoa eta gizarte lana bultzatzea, ingurumenaren zaintzarekiko sentsibilizazioa eta pedagogia ikastolatik at ere jorratzea eta Haur Eskola berritzea.
Esan bezala, birusak eragindako egoera bereziak udaberrira begira programatuta genituen jarduera eta ekimenak bertan behera utzi behar izan ditugu. Halaber, udari begira, Oinez urtean bere biziko garrantzia duten Sanferminak galarazi ditu birusak. Gauzak honela, Lizarra Ikastolari ezinezkoa zaio Nafarroa Oinezen bitartez lortu nahi zituen helburuak erdiestea eta Nafarroako gainerako ikastolekin batera, Nafarroa Oinez eguna urtebetez atzeratzea erabaki du.
Nolanahi, gure jardueran ez da etenik izanen Nafarroan argi dugu eta euskarak eta euskal kulturak ikastolen hauspoa ezinbesteko dutela. Ohi bezala, haize ematen jarraituko dugu, gure eskura dugun bitarteko oro baliatuta. Euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko ditugu, euskal kultura bultzatuko dugu, ingurumenaren zaintzarekiko beharra eta ardura ezagutzera emango ditugu, inklusibitatea oinarri izanik, gurekin elkar lanean aritu nahi duen oro beso zabalik hartuta, argi baitugu auzolanean eta elkarrekin egin behar dugula Nafarroa euskaldun.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU