2018/10/16

TXIKIAK HANDI 2018

Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako proiektu iraunkorra da. Nafarroa Oinez festa bidelagun, euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapena hizkuntza anitzen mundurantz zabaltzeko xedea du. Bidenabar, hizkuntza guztiak errespetatuak izatea lortu nahi da. Aurtengo edizioan bi izan dira aurrera eraman diren egitasmoak. 

1- Txikiak Handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan 

Urriaren 20an, Nafarroa Oinezaren bezperan, Sakanako Mankomunitatearekin batera, antolatutako jardunaldia. Bertan Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat adituk hartuko dute parte hizkuntza gutxituetako hedabideen egoerari buruz eta hizkuntza horien normalizazioan duten eraginari buruz hitz egiteko. 

Besteak beste, Johan Haggman izango da, hizkuntza gutxituen inguruan Europako Batzordean 10 urtez lanean ibilia (Hizkuntza Gutxituen Batzordean eta Eleaniztasuna Batzordean). Gaur egun FUEN (Federal Union of European Nationalities) erakundeak Bruselan duen bulegoko zuzendaria da. Berak Europar Batasunaren ikuspegitik hitz eginen digu; erakunde horrek hizkuntza gutxituen hedabideen garapenerako egin dezakeenaren inguruan arituko da, hain zuzen ere.

Galesetik Elin Haf Gruffydd Jones etorriko zaigu, Galesko Aberystwyth-eko unibertsitateko irakaslea, Mercator insitutuko zuzendaria eta Social Media and Minority Languages liburuaren egilea. Elinek galeseraz lan egiten duten hedabideen egoeraren berri emanen digu, eta horiek hizkuntzaren erabileran eta normalizazioan duten eraginaz. 

Irlandatik Rónán Mac Con Iomaire (RTÉ, Irlandako Irrati-Telebista kate publikoko gaelera arduraduna) etorriko da. Berak RTÉko esperientziari buruz hitz eginen digu; eta, orain dela gutxi, gaelerari dagokionez, hedabide horretan hartutako erabakien berri emanen digu. 

Horretaz gain, Yucatango Radio Yúuyum izeneko irratian esataria den Yazmin Novelo gurekin izanen da. Yazmin soziolinguista eta abeslaria izateaz gain, maia hizkuntza eta kulturaren aktibista ezaguna da, eta berak Mexikoko zonalde horretan beraien hizkuntza eta kultura biziberritzeko egiten ari diren lanaz arituko da. 

Azkenik, euskal hedabideen egoeraren berri Idurre Eskisabelek (kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea) eta Juan Kruz Lakastak (Euskalerria Irratiko kazetaria eta hainbat hedabideetako kolaboratzailea: Berria, Diario de Noticias, EITB…) emanen dute. Horretaz gain, Euskalerria Irratiaren esperientzia aztertuko dute. 

2- DBHko ikasleekin soziolinguistika lantzeko unitate didaktikoa 

Txikiak Handi egitasmoan azken urteotan sortutako hizkuntza gutxituen sarea probestuz, aurten unitate didaktiko bat sortu dugu. Horren bitartez, hizkuntza gutxituen erabileran eragiteko beste aurrerapauso bat eman nahiko genuke; oraingo honetan, egitasmoan parte hartuko duten ikasleak soziolinguistikaren bitartez ahaldunduz. Horixe baita hizkuntza propioa dugun herrialdeetan dugun erronka nagusia: inguruan ditugun hizkuntza erraldoien artean, gure hizkuntzaren erabilera bermatzea. Helburu hori erdiesteko gure ikasleak, gure haur eta gazteak ahaldundu behar ditugu, eta sinetsita gaude soziolinguistika dela ahalduntze prozesu horretan ezinbesteko erreminta. 

Unitateak bi sekuentzia ditu, eta lehenengoa Asmoz fundazioaren eta EITBren Tribuaren berbak  materialak proposatzen duen sekuentzia baten moldaketa da. Aukera hau probestu nahiko genuke bi erakunde hauek beraien materiala erabiltzeko izandako eskuzabaltasuna eskertzeko. 

Aurtengo esperientzia pilotuan Nafarroako Iñigo Aritza ikastolako eta Valentziako Escola Gavina ikastetxeko ikasleak aritu dira elkarrekin. Txikiak Handi webgunean aurkituko duzue unitate didaktikoa bera eta ikasle hauek bertan egindako lana. Jakin badakigu abian jarri dugun lan-lerro berri honek etorkizunean hainbat bide har ditzakeela, horregatik diogu aurtengo esperientzia pilotua izan dela. Horren arabera, hamaika dira egitasmoan sar daitezkeen ikastolak, bidaia hau gurekin batera egitera prest egon daitezkeen hizkuntzak eta soziolinguistikaren bitartez landu ditzakegun gaiak. Beraz, bidaia hasi besterik ez da egin: hurrengo urtean jarraituko dugu. 

Azkenik, aurten Guaixe Fundazioa izanen da Txikiak Handi manifestua sinatuko duen erakundea. Alfredo Alvaro Igoak sinatuko du dokumentua, Guaixe Fundazioaren izenean. Horren bitartez, Txikiak Handik eta Nafarroa Oinezek Guaixe Fundazioak, Guaixe astekaria eta Beleixe irratiaren bitartez, Sakanan euskararen normalizazioaren alde egiten duen lan paregabea goraipatu nahi du.

Egitasmo hauen inguruko informazio gehiago eskatzeko eta hedabideen topaketan parte hartuko dutenekin edo manifestuaren sinatzailearekin hitz egiteko, jarri harremanetan Txikiak Handi egitasmoaren arduradunarekin. 

Unai Arellano Lakabe (648234502)

OHARRA: Elkarrizketa egin nahi izatekotan, Yazmin Novelok eta Johan Haggmanek gaztelaniaz hitz egiten dute, Elin Haf Gruffydd Jones-ek gaztelaniaz zein euskaraz, eta Rónán Mac Con Iomairek ingelesez. 



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia