2018/02/22
Joan den urteko Nafarroa Oinezen baitan, Oinez Basoa landatzeko hitzarmena sinatu zuten Lesakako Udalak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Tantirumairu Ikastolak. Denera 11.000 zuhaitz landatuko dituzte Frain inguruko 10 Hektareatan, 2015eko abenduan suteak kaltetutako eremuan. Lehenbiziko landaketak egiteko ekitaldia otsailaren 18an, igandean, egin dute Frainen.
Tantirumairu ikastolatik abiatuta, batzuk oinez eta bertze batzuk autoz hurbildu ziren Frain kaxkora, ekitaldian parte hartzeko asmoarekin. Ekitaldian Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Mikel Asiain presidenteak eta Amaia Lasheras Tantirumairu Ikastolako presidenteak parte hartu zuten.
Amaia Lasheras, Tantirumairu ikastolako presidenteak Oinez Basoak Nafarroa Oinezen baitan egindako garapena goraipatu zuen eta Lesakakoari dagokionez, “kalkulatzen da 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda… Leku hagitz berezia da, badakizue Frainek zaintzen duela gure herria eta gainera aprobetxatuko da duela bi urte pasatxo erre zen eremu hau basoberritzeko”.
Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak eskertu zuen Ikastolaren gonbidapena, “neretako Nafarroa Oinez eta Oinez Basoa, oso barrenean dauzkat, hor egon ginen Oinez Basoa sortu zenean, baina ikustea nola jarraitzen duen eta nola sinisten den proiektu honetan, benetan oso ederra da. Natura, belaunaldi arteko lotura, hezkuntza, hizkuntza… hemen argi ikusten da belaunaldi ezberdinek elkarrekin lanean arituz gero gainditzen ahal direla duela bi urteko sute handi eta gogor hura bezalako egoera gogorrak. Hori oso inportantea da. Niri Nafarroako Gobernutik lan egitea tokatzen zait orain, baina handik ezin dugu deus egin hemen ez badira sustraiak eta oinarriak jartzen. Beraz, segi horrela”.
Manolo Arozena eta Estitxu Arozena aita-alabek eta hauen biloba eta iloba Lexurik bertsoak kantatu zituzten, Tantirumairu ikastolaren baitan, belaunaldi arteko naturarenganako maitasunaren eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuz: “hemen ikasitako guztian islada; gugan dugu natura, gurekin euskara; baso honekin batera handituko gara”, bukatu zuen bertsoa gazteenak.
Ondotik, Tantitumairu ikastolako ikasleek ‘Ikusi mendizaleak’ abestu zuten, lehenbiziko zuhaitzak landatzen hasi baino lehen.
Aipatzekoa da Fundación Caja Navarra erakundeak dirulaguntza emanen diola Lesakako Oinez Basoari eta horretaz gain, aurten ingurumenarekin lotutako ekimen berritzaileena izendatu dute Oinez Basoa.
Frainetik jautsita, lagunarteko hamaiketakoa izan zuten ikastolan.
Orain arteko Oinez Basorik handiena
Lesakako Udalak hartuko ditu bere gain Oinez Basoaren landaketa baita haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izanen dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.
Tantirumairu Ikastolak, 2017ko Nafarroa Oinezen antolatzaileak, eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Ekarpenaren izaera landaketa bukatu eta gero erabakiko da eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, baina, edozein kasutan, aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza-jardueretarako espazio bat izanen dela. Edozein kasutan Ikastolak aldez aitzinetik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea. Oinez Basoaz oro har eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzea ere ikastolari dagokio. Ikastolaren baliabideen baitan, aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.
Zazpigarren Oinez Basoa
Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen. Erabaki hori hartu zenetik gaur egun arte, sei baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran, baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan; bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa Baztanen; eta, azkena, Viana eta Lodosako ikastolen eskutik, Andosillan eta Sartagudan egin dena. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan. Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU