2017/06/26
Lesakako 2017ko Nafarroa Oinezek badu kanta: Bikin bat in abestia. Bizi bezain sentikorra da kanta, Lesaka herria bera, bere memoria, ikastola eta haurren bizipoza islatzen baititu. Izan ere, Nafarroa Oinezen Bikin bat in leloan oinarritu da Estitxu Arotzena bertsolari lesakarra abestiaren hitzak sortzeko, eta doinuz jantzi ditu Igor Telletxea Berako usikariak. Hori guztia irudietara ekartzeaz arduratu da, bertzalde, Xumar Altzugarai zinegile lesakarra.
Hala ere, jende andana batu ditu kantaren eta bideokliparen ekoizpenak, 100 herrikidek baino gehiagok hartu baitute parte, guztiak auzolanean, eta berotasun hori ekarri nahi izan du Tantirumairu ikastolak aurtengo Nafarroa Oinezen doinu eta irudietara.
Hori guztia aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute ekainaren 26an, astelehen goizean Iruñean Josu Reparaz NIEko lehendakariak, Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako lehendakariak, Estitxu Arotzena kantaren egile eta jarduera lan-taldeko kideak, eta Xumar Altzugarai bideokliparen egileak. Gainera, San Ferminetako Oinez txokoa gunerako gonbidapena luzatu dute, egunero haur, gazte nahiz helduentzako moduko programazioa eskainiko baitu Nafarroa Oinezek San Ferminetan.
Kantua: memoriari tiraka
Nafarroa Oinez festaren atariko, hainbat jarduera antolatu ditu Tantirumairu ikastolak eta guztiak izan dira Lesakako memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak: meatz, industria nahiz frankismoko langile behartuen aferak jorratuz, erraterako. Horregatik, abestia ere ildo beretik doa. “Memoriaren ibilbide honetan gaur egun izan nahi dugunaren inguruko hausnarketa bat dago”, zehaztu du Estitxu Arotzenak aurkezpenean. “Nora joan jakiteko ederra baita nondik heldu garen jakitea”. Tantirumairu ikastolaren bokazioa hori izan baita hasiera-hasieratik, euskara eta euskal kultura berreskuratzea. Eta kantuaren hitzek hori islatzen dute, Lesakako oroimena oinarri hartuta. Horretarako, leloaren bikotasunarekin jolastu du bertsolariak: etorkizuna eta iraganarekin bezala, ikastolako bi belaunaldiekin, Lesakako bigarren Nafarroa Oinez bestarekin, bi eraikinekin… leloa behin eta berriz errepikatuz. Igor Telletxearen musika ere bide beretik doa. Memoriari keinu egiteko, erraterako, toberak entzunen ditugu kantaren hasieratik. Guztia interpretatzeko, gainera, lantalde zabala batu du Tantirumairu ikastolak eta ahotsetan Amaia Eneterreaga eta Beñat Lopez lesakarrak entzunen ditugu.
Bideoklipa: haurren bizipoza irudietan
Arotzenak bezala, bitasun horretan egin du dantza Xumar Altzugarai bideokliparen egileak, bi zatitan banatu baitu ikus-entzunezkoa: “Bloke batek, bideoari hasiera eta bukaera ematen dionak, iraganari egiten dio erreferentzia. Agiñako paisaiak, tobera, belaunaldi berriak… Musika tribalagoa da eta irudiak ere zentzu horretan doaz. Bertze blokean haurren ikasketa prozesu naturala islatu nahi nuen, umeek jolasaren bidez gauza berriak barneratzeko duten erreztasuna. Eta hau dena haurraren bizipozarekin lotzeko, haurrek duten sormenerako gaitasunarekin eta jakinminarekin”.
Tantirumairu ikastolako haurrak dira horregatik bideokliparen protagonistak: zizareekin jolasean ikusiko ditugu, ikasten, irakurtzen, putzuetan plisti-plastaka, lasterka, jolasean, haziak ereiten edo lohiarekin elkar zikintzen, bertzeak bertze. Kantua bezala hau ere auzolanean ekoitzia.
San Ferminetako Oinez txokoa Iruñean
Bertze urte batez, Iruñeko San Ferminetako giroa aberastu nahi du Nafarroa Oinezek, eta horretarako programazio berezia prestatu du Tantirumairu ikastolak Oinez Txokoa gunerako. Musika kontzertuak izanen dira gailenduko diren ekimenak (Eraso, Liher, Oihan Vega, Samba Dzanga, Etxe, Mun, Sofa, Saltokia, Pitxi eta Olaia, Benation, Patxuko nice, Dj Loro, The Ice Company, Gorka Suaia, Bolbora, Ziribulio Soun System, Begiz begi, Zezenaren taldea, Kalera, Reader), baina ipuin kontalariak, bakarrizketak, pailazoak, dantzaldiak, dantza saioak eta bertsolariak ere izanen dira. Adin ororentzat egoki den programazioa, beraz. Horregatik, Lesakako Tantirumairu ikastolak parte hartuko duten talde guztien ahalegina eskertu nahi du. Denak dira inportanteak. Guztia, hortaz, urriaren 15ean Lesakan Nafarroa Oinez egin aitzinetik besta girotzen hasteko eta laguntza jasotzen segitzeko. Izan ere, Tantirumairu ikastolak bertze eraikin bat egiteko premia bizia du. “Gure ikastola txiki gelditu da; 5 ikaslerekin hasi zuen bere bidea 1974an eta gaur egun 100dik goiti ditugu”, gogoratu du Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak. “Hezkuntza beharrak ere aldatu dira eta lehengo espazioek ezin dituzte gure beharrak nahi bezala ase. Gaur egungo erakinak ez du zabalkuntzarik onartzea; beraz, 2017ko Nafarroa Oinezi esker, haren ondoan bertze eraikin bat egin nahi dugu; haur-hezkuntza etapa osoa eta psikomotrizitate gela hartuko lituzke”.
'Bikin bat in'
(Letra: Estitxu Arotzena)
Toberaren soinuak zulatu du Agiña
Mairubaratzeetatik sentitzeko adina
Altzairuzko oinarria intxaurran hosto arina
Zer_izan nahi genuke orain oroimen bagina
Agiña, adina,
Hosto arina, Agiña, adina, bagina…
Bikin batin batin biak ume baten bi sendiak
bikin batin batin biak errekak eta mendiak
Oinez Lesakan erditu,
Tantirumairuk bi ditu
zortzi zazpi sei bortz lau hiru bikin batin
Adiskide, bide lagun, ikaskidea
euskara da gure, zure eta nirea
ttiki ttaka ttipi ttapa, oroimenaren bidea
zer ginen jakin behar da izateko librea
bidea, nirea,
ikaskidea, bidea, nirea, librea
Bikin batin batin biak ume baten bi sendiak
bikin batin batin biak errekak eta mendiak
Oinez Lesakan erditu,
Tantirumairuk bi ditu
zortzi zazpi sei bortz lau hiru bikin batin
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU