2017/06/02

Juul hauteskundetan saritutako idazle eta ilustratzaileei sariak eman zaizkie Lesakan

Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen Juul hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia egin zuten maiatzaren 31n Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Maila handiko idazle zein ilustratzailek izan ziren ekitaldian, hala nola Toti Martinez de Lezea, Jon Arretxe, Jasone Osoro, John Andueza, Margarita del Mazo, Peru eta Txomin Magdalena, Bertol Arrieta, Estibaliz Vivanco, Lur Gallastegi, Fernando Morillo, Iván Landa, Eider Eibar, Jokin Mitxelena eta Iosu Mitxelena.

Urtero bezala, JUUL sari banaketa ekitaldia Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin elkarlanean eratu da, hortaz, aurten Lesakak hartu du. Harriondoa Kultur Etxeko oholtzan, Tantirumairu Ikastolako ikasleak lagun izan dituzte idazle eta ilustratzaileek, ekitaldia, 2017ko Nafarroa Oinezen mezu eta izaeraz kutsatu baitute, antzerki lan baten bidez.

Tantirumairu Ikastolak urteko jarduera programa sei kontzeptupean sortu du, memoria, sormena, transmisioa, burdina, industrializazioa eta harremanak. Ildo beretik, hauexek izan dira ikasleek sari banaketa ekitaldian zehar antzeztu dituzten hiru agerraldien oinarri.

2017ko apirilaren 4an izan zen JUUL hauteskunde literarioen 19. Edizioa eta 53 ikastolek parte hartu zuten. 26.000 boto inguru eman ziren irakurleen artean liburu eta ilustratzaileentzako (aldi berean, ikastoletako haurrek hauteskunde prozesua zer den ikasten dute).

Juul kanpaina Eusko Jaurlaritzak babesten du, baina azken orduan, ezin izan zuen Lesakara hurbildu Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Amaia Lasheras, Tantirumairu Ikastolako lehendakariak eta Mikel Asiain, NIEko lehendakariak hartu zuten hitza.

Aurten, azken urtetan bezala, bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egin nahi izan die. Horretarako, Juan Jesús Ilundain artistak egindako Juul Saria eman die Nafarroako Ikastolen Elkarteak saridunei.

Ikusi argazkiak



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia