2017/04/07

72 artelanekin zabaldu ditu ateak Artea Oinez erakusketak Iruñeko Condestablearen Jauregian

Izan ere, Jose Luis Zumeta artistak 2 artelan erakutsiko ditu, Lesakako Tantirumairu ikastolak artista omentzea erabaki baitu aurtengo Artea Oinezen. Zumetak (Usurbil-Gipuzkoa, 1939) izenbururik gabeko bi margolan utzi ditu erakusketarako, paper gaineko tenpera bat eta mihise gaineko olio-pintura. Aipatzekoa ere bada erakusketaren aniztasuna eta aberasgarritasuna, sortzaileen ugaritasunaren isla. Ondorioz, oleoa, argazkiak, instalazioak, grabatuak, eskulturak eta bertze hainbertze teknika ikus litezke erakusketan.

Erakusketa horren aurkezpena egin dute gaur goizean Iruñean Iñaki Azkona, Iruñeko udaleko euskara teknikariak; Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako presidenteak eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketako komisarioak.

 

Jose Luis Zumeta

Lesakako Tantirumairu Ikastolaren Artea Oinez 2017-k artista kuttun aukeratu du Zumeta. Aitortza honekin ikastolekin eta Artea Oinezekin izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dio Nafarroa Oinezek, “eta gure altxorrik handienarekin, euskararekin, erakusi duen prestutatasuna eskertu nahi dio”, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria eta erakusketako komisario den Josu Reparazen hitzetan. Horrexegatik eskaintzen dio erakusketak lekurik nabarmenena. Kultura artistiko unibertsalari egindako ekarpena aitortzeko omenaldia ere bada, beti umiltasunez aritu delako Zumeta, benekotasunez, eta askatasun artistiko batean. Tantirumairu ikastolako ikasleek ere Zumetaren ibilbidea ikasteaz gain, bere teknikak eta artea sortzeko moduak ere ikasten ari dira ikasturte osoan, tailer ezberdinetan. Lesakan eginen den erakusketa girotzeko eta haurren motibazioa lortzeko jarduera ezberdinak egiten ari dira. Hain zuzen, lan horietako batzuk opari eman dizkiote Usoa, Zumetaren alabari, Kondestablearen Jauregian arratsaldean egindako irekiera ekitaldian.

 

Katalogoa, memoria eta sormenaren emaitza

Tantirumairu ikastolaren Nafarroa Oinezeko kultura ekimen guztiak memoriaren eta sormenaren artean egiten dute dantza, eta erakusketa honen katalogoa ere halaxe osatu du ikastolak. Horretarako, burdina, industrializazioa, harremanak eta transmisioa izan dira ardatza, Lesakako historiari lotutako bi elementu baitira burdina eta industrializazioa, eta Tantirumairu ikastolari lotutakoak dira harremanak eta transmisioa. Horretarako, sei haiku idatzi dituzte, eta horien bidez katalogoan barneratu nahi izan dituzte aipatutako ardatzak. Azala, bertzalde, omendutako Zumetari eskaini zaio erakusketako artelanetako batekin.

Urriaren 15ean Nafarroa Oinez ospatu aurretik, urte osorako kultura programazioa prestatu du Lesakako Tantirumairu ikastolak, eta hitzordu nagusietako bat da Artea Oinez erakusketa. 90ko hamarkadan egin zen aurreneko erakusketa, eta orain 17 urte errotu eta egungo moldean hasi zen antolatzen. Urtero-urtero jasotzen du artisten berotasuna, eta aurten ere ez da gutxiago izan.

 

Iruñetik Lesakara

Gaur, apirilaren 7an zabaldu da erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian ekitaldi bereziarekin, eta Jose Luis Zumetari egin zaio omenaldia. Bertan izanen da Artea Oinez maiatzaren 6a bitarte. Ordutegia: Astelehenetik larunbatera: 9:00-14:00 eta 17:00-21:00. Igande eta jai egunetan itxita. Aste Santuan: Apirilaren 15ean irekita eta apirilaren 13, 14, 16 eta 17an itxita.

 Ondoren, maiatzaren 19an, Lesakan zabalduko ditu ateak erakusketak, eta ekainaren 4a bitarte izanen da ikusgai.

 katalogoaren PDF dokumentua



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia