2021/11/06

TAFALLAK BADU BERE OINEZ DENDA

 

Ostiral honetan mustu da Tafallan Nafarroa Oinez 2022 denda. 

Nafarroako ikastolen jaia aurkezteko ekitaldia Iruñean egin eta biharamunean ireki da establezimendua. Hitzordu hori ere Erdian Erein, Oinez 2022ko logoa eta leloa aurkezteko baliatu zen. 

Hain zuzen ere, establezimenduaren irekieraren aurretik ekitaldi xume baina hunkigarria egin da, 18:30ean Nafarroako enparantzan hasi da eta bertan Ikastolako erraldoi eta dantzarien konpartsak, txistulariek, gaitariek, Joaldunek, Tartalok eta Akerbeltzek parte hartu dute. Emanaldi labur baten ondoren, Garcés de los Fayos Ikastolako hamarnaka familia, irakasle, ikasle ohi eta Tafallako zein Erdialdeko bizilagunak kalejiran ibili dira Merkatu Plazan, Kale Nagusian, Lau Izkinetan eta Foruen Plazan barna, dendaren inguruetaraino. Dendaren kokalekua 2011ko edizioaren berbera da, Zangoza etorbidea.

Auzolanean egokitua izan den saltokian, dantzari txikiek aurreskua dantzatu dute eta, sinbolikoki, dendako giltzak Paula Arregui eta Aritz Azcarate Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendari eta lehendakariari, hurrenez hurren, eman dizkiete. 

Dendaren ordutegia hurrengoa izango da:

Ostegunetan 17.30etatik 20.00etara. 

Ostiraletan 10.30etatik 13.30etara eta  17.30etatik 20.00etara. 

Larunbatetan 10.30etatik 13.30etara. 

Tafallan ez ezik, Erriberriko Kale Nagusian ere salmenta-gune finko bat irekiko da. Gabonetako kanpainari begira, Iruñeko San Anton kaleko 24. zenbakian dagoen lokala ere irekiko da.



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak