2021/10/07

 

 

Bi urtez lanean aritu ostean, Nafarroa Oinez azken txanpan sartu da. Urriaren 16 eta 17an, Ega ibaiaren hiriburuak Lizarra Ikastolak antolatutako jaia hartuko du eta.

Edizio honetarako, ekitaldia pandemiak markatutako egoeretara egokitu behar izan da. Hasteko, iaz, festa bertan behera uzteko erabaki tristea hartu behar izan zen, testuinguruak nahitaez horrela behar zuelako. Beraz, ezin izan zitzaion ikastetxearen 50. urteurrenaren ospakizunari merezitako amaiera bikaina eman.

Hala ere, orain dela bi urte Lizarra Ikastolaren Nafarroa Oinez abian jarri zenetik, ez da etenik egon ekimena aurrera ateratzeko. Horregatik, ikastolen jai berriaz gozatu ahal izatea eta, urtebete geroago bada ere, ikastolaren bost hamarkadak ospatu ahal izatea posible egingo duen urriaren 16 eta 17ko asteburua hel dadin izugarrizko ilusioa dago.

Hitzordua ez da aurrekoak bezalakoa izango. Koronabirusari lotutako murrizketen desagerpenak Nafarroa Oinez antolatzaileentzat berri ona izan bada ere, horrek jardueren antolaketa erraztu duelako, asteburu horretan burutsu jokatzeko deia egin nahi dute. Errespetua eta zuhurtzia ezinbestekoak izango dira. Festara etortzen diren guztiek oso argi izan beharko dute zein den egoera eta tentuz ibili.

Aurten, inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua izango da festan parte hartuko dutenek arduraz joka dezaten. Azpimarratu beharra dago ‘Ongi pasatu, pasatu gabe’ leloa. Bakoitzak bere burua, ondoan dituenak eta, jakina, inguru giroa errespetatu behar ditu. Hala eginez gero, segurtasun propioa zein  besteena bermatuta egongo da.

Aurtengo jaiak formatu txikia izango du, apalagoa; xumeagoa izango den Nafarroa Oinez, baina ehunka laguntzaileek eta boluntarioek ilusio eta maitasun handiz antolatutakoa, etengabe aldakorra izan den egoerara egokitzeko gai den hezkuntza proiektu baten alde eginez. Honako hau ikastolek babesten duten auzolanaren isla da, baita euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko duten erantzukizunarena ere.

Modu honetan, jardunaldi bakarrean izan ordez, besta bi egunetan zehar gauzatuko da, aurreikusitako ekintzak larunbata eta igandearen artean banatuz; urriaren 16 eta 17an, alegia. Gainera, aurten ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo ez eta sarrerarik ere, hortaz, Nafarroa Oinezera hurbiltzen direnak hiriko puntu desberdinetan libreki mugitu ahalko dira. Guzti hau, jendetza ekiditeko xedearekin. Informazio puntuei funtzio berri bat emango zaie bertan kokatuko baitira ibilbiderako sarreretan egon ohi diren kutxak.  Hartara, nahi duen orok bere ekarpena egin ahalko du jarduera programa gauzatuko den eremuetan barna topatuko dituzten 5 informazio puntutan.

Lizarrako Nafarroa Oinezen egitaraua hiriko zazpi espazio ezberdinetan burutuko da. Urriaren 16an, larunbatarekin, Foru eta Santiago enparantzetan eta urriaren 17an, igandearekin, ikastola, Los Llanos parkea, Remontival pilotalekua, zezen plaza eta Los Llanos Kulturaguneko lorategiak batuko dira.

Lizarra Ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkio Lizarrako Udalari 2021eko Nafarroako ikastolen jaiari, hiriak harrera egin diezaion erakutsi duen laguntzagatik eta erakutsitako prestutasunagatik; halaber, Nafarroa Oinez errealitate bihurtzea posible egin duten kolaboratzaile eta boluntario guztiak eskertu nahi izan dituzte. Honekin batera, osasun egoeraren ondorioz, aurtengo ekitaldiak ezinbestean formatu txikia izango duenez, jaiaren parte izateko eta laguntzeko beste modu batzuk existitzen direla adieraziz deia egin dute. Ikastola lagundu nahi duen orori, www.nafarroaoinez.eus webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita luzatu zaio, ospakizunaren bitartez lortu nahi zen helburuetako bat eskuratu ahal izateko.



Itzuli
2021EKO NAFARROA OINEZAREN AURKEZPENA 2021EKO NAFARROA OINEZAREN AURKEZPENA

Hurrengo ekitaldiak