eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 157

Oinez Basoa 2021 - Lizarra

2020 urteak ekarri zigun pandemiaren ondorioz Lizarran ezin izan genuen tokiko egitasmoa gauzatu, eta hortaz, 2021ean eutsi diogu berriro ere erronkari.

Lizarra Ikastola Estellerriko eskualdearen ikastola da, eta hortaz, herri askok osatzen dute. Hala izanik, Nafarroa Oinezi lotutako ekimenak Lizarraldera zabaltzea erabaki dugu, ondoko herriekin elkarlana sustatuz, eskualdeko sarea ehunduz, indarrak eta asmoak batuz eta naturari dagokionez zerbaitek batzen bagaitu, ibaiak dira korridore ekologikoak diren heinean lurraldeak batzen baitituzte. Ega ibaiak Lizarra zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera, Urederra ibaiaren ur-emaria jaso ostean, aldi berean, Urederrak Uiarra ibaiaren emaria bereganatzen duelarik.

Estellerrian Natura 2.000 sareari lotuta Ega-Urederra ZEC deiturikoa topa dezakegu, Kontserbazio Bereziko Eremua alegia. Espazio Natural hau abiapuntutzat hartuta, beronen Gestio Planak jasotzen dituen helburuak garatzen lagunduko duten esku hartzeak planteatu ditugu aurtengo Oinez Basoari dagokionez, bertako landaretzaren berreskurapenaren aldeko landaketak hain zuzen ere.

Azken hamarkadatan bi ibai hauen ertzetan, beste ibai askotan gertatu bezala, makal-klonen landaketa produktiboak egin dira, bertako landaretzari ibai ertzetako zerrenda estuak utziz eta biodibertsitatea pobretuz. Ezaugarri hauek dituzten bi eremu landuko ditu aurtengo Nafarroa Oinezek, egoerari buelta emateko asmoz.

Batetik Barindano herrian, bertako Kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa izan duen partzela batetan bertako espezieak hartuko dituen landaketa egingo dugu Uiarra-Urederra ibaien elkartze puntuan. Makal produktiboen ordez bertako makalak, haltzak, hurritzak, basaranak, elorriak eta beste landare batzuk landatuko ditugu hektarea pasatxo duen partzela batean, aurretik makal-klon produktiboen ipurdiak atera behar direlarik. Ekologia eta biodibertsitatearen aldetik ekintza esanguratsua izanen da, ZEC-aren gestio planak ezartzen dituen helburuak lortzen lagunduko baitu.

Bestalde, Antzin herrian, bertako Udalaren eskutik, berriki saldu eta moztuko da makal-klon landaketa bat dugu. Eremuak hartuko duen landaketa berriari dagokionez, zati bat erreserbatuko da hezkuntzari begira. Zati honetan ibai ertzetako landaretzaren garapenean parte hartzen duten landare serial guztien ordezkariak landatuko dira. 1995. urtean Loidi eta Báscones biologoek idatzitako lanean ageri denez, “Geoserie de ríos y arroyos navarro-alavesa y castellano-cantábrica [G3] Viburno-Ulmo minoris S.; Humulo-Alno glutinosae S.; Salico lambertiano-angustifoliae S.” izeneko ekosistema da zonalde honetako landaretza-serialaren eredu, eta bertan definitzen dira etapa ezberdinetan parte hartzen duten landareak. Gauzak honela, landare guzti hauek baliatuz landaketa eginen da Antzinen eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izan dezaten.

Azkenik, eskualdearen buru den Lizarrako hirian, Oinez Basoa 2021 ekimena osatuko duen ekintza xume bat garatuko da. Los Llanos parkea hiriaren birika berdea da, hiriaren harribitxi naturala. Saguzarrak dira naturak eskaintzen digun beste harribitxi bat eta ugaztun hauek hartuko ditu oinarri azken esku hartze honek. Horrenbeste mehatxu pairatzen dituzten animalia hauen kontserbazioa bermatzeko, Los Llanos parkean beraientzat diseinatutako habi bereziak jarriko ditugu kokapena ezberdinetan. Halaber, haurren hezkuntzari lotuta baliatuko den ekintza izango da, animalia hauen biologia eta ohituren inguruan ikasteko aukera izango baitute.

Barindano
Antzin
Lizarra

Babesleak

Lizarra Ikastola
Lizarra Ikastola
Nafarroako Ikastolen Elkartea
Nafarroako Ikastolen Elkartea
Lizarrako Udala
Lizarrako Udala
Barindanoko Udala
Barindanoko Udala
Antzingo Udala
Antzingo Udala
Gobierno de Navarra
Nafarroako Gobernua
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Nafarroako Unibertsitate Publikoa - GESOL
Albaitaritza
Albaitaritza
Mariezcurrena Eraikuntzak
Mariezcurrena Eraikuntzak
Maier
Maier
Irizar
Irizar
CAF
CAF
Embega
Embega