eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 55

Zer da Oinez Klima?

Oinez Basoa Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola laguntzen duen bertako proiektu bat izan da azken urteotan. Baina, era berean, dimentsio unibertsal eta parte-hartzailea dauka, eta horren asmoa milaka pertsona eta entitate inplikatzea da, ingurumena eta euskara berreskuratzeko helburuarekin. Oinez Basoa Nafarroa Oinez Fundazioak (NOF) sustaturiko proiektua da. BIDEO labur honek ekimena deskribatzen du.

Proiektua 2008an sortu zen, Nafarroa Oinez ikastolen jaian baliabide naturalen kontsumoak, hondakinen sorrerak eta berotegi efektuaren gasen igorpenak eragiten duten inpaktu ekologikoaz jabetzean. Jaiak sortzen duen aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz, bai konbentzimenduagatik, bai konpromisoagatik, Oinez Basoa sortzea erabaki zen, ospakizunaren lekuan ingurumen-kalitateko lekuko iraunkor bat uzteko. Oinez Basoa jasangarritasunari lotutako ekimen bat da, eta jai-eredu iraunkor baterantz egitea du helburu.

Ekimena abian jarri zenetik, 13 baso sortu dira Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano Antzin Lizarran.

Proiektuaren 17 urteko ibilbidean 52.000 zuhaitz baino gehiago landatzea lortu da, eta horri esker Nafarroako geografia osoan zehar Nafarroa Oinezek bere bidean utzi duen elkartasun aztarna sortu da. Urtero, sortutako basoek garatzen eta aberasten jarraitzen dute, eta, aldi berean, gure hezkuntza-lanerako baliabide pedagogiko bihurtu dira. Tafallan dugu horren adibide garbia. 2012-2013 ikasturtean, ikerketa-proiektu berritzaile bat jarri zen abian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaritza eta Biozientzietako Goi Eskola Teknikoko Lurzoruen Kudeaketa eta Erabilera Iraunkorreko taldearekin lankidetzan, basoak eragindako karbono atmosferikoaren bahiketa eta Tafallako Oinez Basoaren ingurumen onurak ebaluatzeko.

Zer da oinez basoa?

2017-2018 ikasturtean akordio bat sinatu zen NUPekin Oinez baso-sarearen garapen pedagogikoaren inguruan. Akordio horrek hainbat jarduketa jasotzen ditu. Adibidez, ingurumen parametroen monitorizazioa eta ingurumen hezkuntzarako proposamen parte-hartzaileak Tafallako Oinez Basoan. Bertan Iņigo Virto eta Bosco Imbert irakasleek hartuko dute parte.

Iņigo Virto Nekazaritza Ingeniaritzan eta Bosco Imbert Biologian doktoreak, ikertzaileak eta irakasleak dira. Bi doktoreak buru dituen NUPeko ikerketa taldea elkarlanean aritu da Nafarroako Ikastolen Federazioarekin eta Tafallako Garces de los Fayos Ikastolarekin, faunaren eta floraren aldaketak neurtzeko, baita Monteplanoko Oinez Basoan CO2 harrapaketa neurtzeko ere. Proiektu honetan DBHko ikasle eta irakasleek ere parte hartu zuten.

Oinez Klimaren webgunean (www.oinezklima.eus) aurki daitezke egindako ikerketatik eratorritako hainbat txosten eta lan horretan erabilitako baliabideak. Hainbat ikastolek garatutako unitate didaktikoak ere eskuragarri daude, baita Nafarroako Ikastolen Federazioak eta NUPek proiektua ezagutarazteko elkarrekin sortutako bideoa ere.

2023-2024 ikasturtean, NUPeko edafologia ikerketa-taldea, Paz de Ziganda Ikastolako batxilergoko ikasleekin lanean aritu zen Arbizuko Oinez Basoan, Tafallan egindakoaren antzeko ikerketa batean. Burututako azterketa eta beronen baitan lortutako ondorioak LURZORUAREN ZIENTZIAREN ESPAINIAR ELKARTEAk antolatutako lehiaketara aurkeztu zituzten, eta LEHEN SARIA eskuratu zuten. Hala izanik, Paz de Ziganda Ikastolako ordezkaritzak Brasilera jo zuen uztail-abuztu bitarte, non LURZORUAREN ZIENTZIARI BURUZKO XXIII. LATINOAMERIKAKO BILTZARRA ospatu zen. Bertan, burututako lanaren berri eman zuten, Lurzoruaren Zientziaren Irakaskuntzako Hezkuntza Berrikuntzen Sinposioan hain zuzen.

Ikerketa honen DESKRIBAPENA eta proiektuaren AURKEZPENA www.oinezklima.eus webguneko proiektuen atalean daude ikusgai.

Gauzatutako klima-jarduerek erakusten dute Nafarroako ikastolek belaunaldi horretako ingurumen-erronkekiko duten konpromisoa, jai jasangarriagoak, natura-ondarearen hazkundea, ingurumen-kalitatea eta klima-ekintza bultzatzeko duten konpromiso aktiboaren lekuko baitira.

17 urteko ibilbide honen ostean, Paz de Ziganda Ikastolaren 2025eko Nafarroa Oinezek beste urrats bat eman nahi du ekimen klimatiko sozial honetan: Oinez Basoa Oinez Klima izatera pasatzeko moduan dago.

Oinez Klimak ikasle, familia, hezitzaile eta ingurumen-profesionalen elkarlanaren herentzia eskaini nahi du, balio erantsia emango duena: emaitza baliagarri bat tokiko komunitatearentzat, Nafarroako Ikastolen jaiaren esparruan, mundu jasangarriago baten aldeko borroka globalean urrats bat.