eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 0

Oinez Klima 2026 - Jurramendi

Mapa Oinez Klima 2026

2022an Nafarroan izandako baso-sute suntsitzaileen ondoren, prebentzioaren garrantziari buruzko gizarte-kontzientzia nabarmen handitu zen. Hala ere, urteak igaro ahala, ezinbestekoa da kontzientzia hori ez galtzea eta hainbat mailatan jarduera-ildoak mantentzea, baso-suteen prebentzioan lanean jarraitzeko.

Gure lurraldearen zati handi bat klima mediterraneoko eremuan dago, eta bertan suteak naturaren dinamikaren parte dira. Hala ere, suteen hedapenak biodibertsitatearen galera eragiten du, eta gizarte zein ekonomia mailan mehatxu handia sortzen du; muturreko kasuetan, pertsonen bizitza ere arriskuan jar dezake.

Beraz, prebentzioa funtsezko tresna da baso-suteek eragin ditzaketen kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Horretarako, gobernuaz eta erakunde publikoez gain, herritarren inplikazioa eta erantzunkidetasuna ere ezinbestekoak dira.

Lurraldearen erabilerak aldatzeak eta artzaintza bezalako jarduera tradizionalak bertan behera uzteak aldaketa handiak eragin dituzte paisaian. Horren ondorioz, eremu berriak kolonizatzeko prozesuan dauden sastrakadi edo zurezko landarediz estalitako azalera nabarmen handitu delarik.

Oinez Klimak bere ekarpena egin nahi du baso-suteen prebentzioan, Jurramendiko Paisaia Bereziaren ipar-mendebaldeko magalean gauzatuko den jarduketa baten bidez. Esku-hartzea "Jurramendi" izeneko 67. Fazeriak hartzen dituen lurretan gauzatuko da, lur horien jabetasuna Azketa eta Urbiolako Kontzejuei eta Villamayor de Monjardingo Udalari dagokielarik.

Eremu hau arrisku handiko erregai-eredutzat sailkatutako landarediak estaltzen du, sastrakadiaren presentziagatik eta nekazaritza-lursailetatik abiatuta duen jarraitutasun horizontal eta bertikalagatik.

Garbituko den zuhaixka-geruza honako espezieek osatzen dute, besteak beste: txaparra, ipurua, sasia, basa-arrosa, aliaga, elorri arantza eta estrepa zuria. Era berean, sakabanatuta ageri diren arte eta Alepo pinudi batzuk daude, eta horiek mantendu egingo dira aurreikusitako jarduketan.

Hainbat faktorek eremu hau baso-suteen aurrean bereziki zaurgarri bihurtzen dute:

  • Nekazaritza eta baso eremuen arteko trantsizio-gunea. Arrisku handiko eremua da, udako uzta-bilketa lanetan suteak pizteko aukera dagoelako.
  • Klima mediterraneoa; udan landaredia oso lehor egoten da.
  • Gorantz doan eta kono itxurako orografia duen Nafarroako mendi esanguratsua da Jurramendi.
  • Behealdean azpiegiturak eta nekazaritza-laboreak daude eta horiek sute baten hasiera puntu izan daitezke (zigarrokinak, txinpartak eta abar).
  • Donejakue Bidearen ondoan dago. Urtero milaka lagun igarotzen dira bertatik, eta horrek arrisku-jokabideak gertatzeko aukera areagotzen du.
  • Herriguneetatik gertu dagoenez, pertsonen zaurgarritasuna handia da.
  • Sastrakadi trinkoa dago, eta horrek erregaiaren jarraitutasun horizontala zein bertikala eragiten du, ondorioz, baso-sute baten hedapena arriskutsuagoa eta bortitzagoa izan daiteke.

Jarduketaren helburua erregai karga txikia izango duen lur-zerrenda bat sortzea da. Eremua Jurramendiko Paisaia Bereziaren magaletan dago, nekazaritza eta baso eremuen arteko trantsizio-gunean, eta bertatik igarotzen da, gainera, Donejakue Bidea.

Jarduketa eremuan dagoen sastrakadia kenduko da, horrela, erregaiaren jarraitutasuna etengo da, eta inguruan sute bat piztuz gero, haren itzalketa erraztuko da.

Jarduketak 22.000 m²-ko azalera hartuko du.