Paz de Ziganda Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak Oinez Klima egitasmoarekin erabat konprometituta daude, eta Ama Lurra zaintzeko ekintza ekologiko eder eta original batean murgilduta ari dira.
Nendo Dango, Masanobu Fukuokak ezagun egin zuen nekazaritza naturaleko teknika japoniarra da. Buztinezko bolatxoetan, substratuan eta, zenbaitetan, mantenugaietan (ongarria edo humusa) kapsulatutako “hazi-ponpak” sortzean datza. Esfera horiek lehortu ondoren, baso-berritzeko lurretan sakabanatzen dira, haziak animalietatik, eguzkitik eta higaduratik babestuz, euriek aktibatu arte.
Ikasleek buru-bihotzez egin dute lan. Ezkaba mendian haziak bildu eta behar bezala lehortu ondoren, eskuz egindako hazi-ponpak prestatu dituzte. Hilabete amaieran, Ezkaba mendian bertan jaurtiko dituzte, mendiko flora berpizteko asmoz. Jaurtiketa dibertigarria eta parte-hartzailea izango da.
Paz de Ziganda Ikastolan jasangarritasuna eguneroko ekintza txikien bidez eraikitzen dela sinesten dugu, eta naturak ematen digun guztia itzultzeko garaia dela.