2022/03/11

ARTEA OINEZ 2022 ERAKUSKETAREN AURKEZPENA IRUÑEKO KONDESTABLEAREN JAUREGIAN

Gaur arratsaldeko 18:00etan hasi eta datorren apirilaren 24ra arte zabalik egongo da Artea Oinez erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Tafallako ikastolaren eskutik izen handiko 86 artisten obrak biltzen ditu erakusketak. Artistek Nafarroa Oinez antolatzeko ardura duen Garcés de los Fayos Ikastola lagundu nahian hainbat eskultura, argazki, margolan eta grabatu euren eskura jarri dituzte.

Erakusketaren xehetasunak goizean izandako prentsaurrekoan azaldu dituzte Jorge Urdánoz Apezteguíak, Kultura eta Hezkuntza Saileko zuzendaria Iruñeko Udalean, Josu Reparaz Leizak, NIEko zuzendaria eta, aldi berean, erakusketaren komisarioa, eta Paula Arregui Lizarbek, Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendaria.

Udaleko ordezkariaren esanetan, Artea Oinez oso erakusketa garrantzitsua da hiriarentzat zein herritarrentzat. Era berean, parte hartzen duten artisten eta haien artelanen garrantzia ere azpimarratu du.

Arratsaldeko mustutze ekitaldian, familia eta lagunek lagunduko dute Javier Esquiroz, aurtengo artista omendua. Era berean, zenbait autoritate izanen dira Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolak antolatu duen Artea Oinez 2022 erakusketan, bestek beste, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregi Perez.

Javier Esquiroz, artista omendua

Leku berezia hartu du aurten Javier Esquirozek, Tafallako artistak, bera izango baita aurten omenaldia jasoko duena. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren hitzetan, “Jakinduria handiz konbinatzen ditu formaren indarra, enkoadraketa laburrekin, oso fotografikoak direnak. Bizi garen ingurunearekiko eta planetarekiko konpromisoari buruz hausnartzeko sentsazioak azaleratzen ditu. Sentiberatasun berezi horrek eta irakaskuntzarako duen bokazioak azaltzen dute zergatik eskaintzen dion Garcés de los Fayos Ikastolak aitorpen sentitu hau.”

Ildo beretik, Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendariak azpimarratu nahi izan du artea sormenaren sinonimotzat hartzen dutela ikastoletan eta sormena funtsezkoa dela aurrerabidean eta gizarte-ongizatean.

Erakusketak mugimenduari buruz hitz egiten diguten eskultura, argazki, margo eta beste teknika batzuetako artelanek osatzen dute.

34 emakume artisten artean

Artearen Historia hamaika emakumek egin dute. Modeloak eta musak izan dira, garai guztietako koadro garrantzitsuenetako batzuen protagonistak. Hala ere, gutxi dira museoetako hormetan ikusten diren emakumeak, oso gutxi haietatik zintzilik dauden mihiseak sinatzen dituztenak.

Garai askotan oso gutxi izan ziren, baina historiako etapa bakoitzean ospea eta aitortza publikoa lortu zuten emakumeen izenak izan ziren, nahiz eta gerora desagerrarazi egin zituzten.

Artea Oinez erakusketaren bitartez Nafarroako Ikastolek leku berezia egin nahi izaten diete artearekin lotura izan duten emakumeei, hala garai batekoei, nola egun arteari lotuta dihardutenei. Aurtengo erakusketan 34 emakumek hartzen dute parte.

Iruñeko erakusketa apirilaren 24an amaituko da eta ondoren Tafallako Kulturgunean izango da ikusgai, ekainaren 10 eta 30 bitarte hain zuzen.

Artea Oinez 2022 katalogoa: https://www.nafarroaoinez.eus/nafarroa-oinez.asp?IdSeccion=8&IdContenido=24



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak