Aurreko edizioetan egin bezala, udalarekin elkarlanean jardungo dugu, Oinez Basoa ekimenak ikastolaren komunitateari ez ezik Altsasu osoari eta gizarteari oro har ekarriko baitio onura.
Usolarraingo eremua hautatu dugu esku hartze horretarako; Dantzaleku eta Basotxikiren mugakide da, eta balio afektibo handia du Altsasuko herritarrentzat. Usolarrain aisialdirako, atsedenerako eta denbora pasarako eremu bat da, bai bertakoentzat bai bisitarientzat, eta baita bateragarria ere naturaren kontserbazioarekin eta ingurumenaren hezkuntzarekin.
Honako esku hartze hauek aurreikusi dira Altsasuko Udalarekin eta Iņigo Aritzarekin elkarlanean egiteko:
Landaketa
Usolarraingo inbentario naturalaren aberastasunari lagunduko dioten hostozabalak landatuko dira.
Saguzarrentzako habia-kutxak kokatzea
Saguzarrentzako habia-kutxak edo babeslekuak kokatuko dira, biologo aditu batek adierazitako kokaleku egokietan. Ekimen horren helburua da ingurumenaren alorrean sentsibilizatzea, eta, horretarako, kiropteroak babestuko dira, haientzako babeslekuak kokatuz; era horretara, haien ongizatea hobetuko da. Esku hartze honek balio erantsi bat du, inguru horretan Bechstein espeziea dagoela ikusi baita, eta espezie bitxitzat hartzen da banaketa eremu osoan. Tarteko tamainako kiroptero bat da, basoetan bizi da, hariztiei lotua bereziki. Habia artifizialak kokatzea mesedegarria izan liteke haiek ugaltzeko.
Kiropteroei buruzko interpretazio kartela
Kartelaren edukia eta diseinua Iņigo Aritza Ikastolan landuko dira. Lehen hezkuntzako ikasleek saguzarrei buruz egiten duten interpretazioa jasoko da kartelean. Saguzar baten silueta edukiko duela aurreikusten da, eta zuhaitz batetik zintzilikatuko da, kiroptero baten hegaldia simulatzeko helburuarekin. Iņigo Aritza Ikastolak Nafarroa Oinez 2018 ekitaldirako ezarritako helburuetako bati leial, kartelaren diseinua ikuspegi inklusibotik egingo da. Kokalekua habia-kutxen kokalekuari lotuta egongo da. Eta irisgarritasun irizpideak hartuko dira kontuan, gainera.
Txuspo Poyo bertako artistaren zuhaitz etxea zaharberritzea
Bi gelako etxe moduko bat da, eta Dantzalekuko harizti batean kokatu zen orain dela hamar urte. Egurrezko eraikin bat da, ainguratze eta amarratze sistema sortzaileez eta ohiz kanpokoez eutsia, esate baterako barrura sartzeko eskailera: enborra inguratzen duten eta goma bidez estutzen diren uztai sendoak, eta altzairuzko kable batzuk. Ez zen iltzerik erabili egitura zuhaitzari eusteko. Zuhaitz etxea instalatu eta hamar urtera, hainbat doikuntza egin behar zaizkio etxea dagoen haritzari, besteak beste zuhaitza inguratzen duten uztaiak egokitu behar dira.
Arte garaikidean, era askotara adierazten da artea-natura harremana, eta naturaren artea edo land art izendapenaren barruan sailkatzen dira adierazpen horiek guztiak.Sorkuntza forma berriak biltzen ditu, zeinetan natura irudikapen objektu izatetik protagonista edo arte mota baten subjektu izatera igaro den, hain zuzen ere, naturan edo naturarekin jarduten duen arte mota baten subjektu. 70eko hamarraldian sortu zen mugimendu hori, eta artista garaikide asko ari dira hura berrikusten, Txuspo Poyo besteak beste. Hark naturan, bere jaioterrian, txertatu du bere lana. Bestalde, Poyo da Artea Oinez urteko erakusketan etengabe parte hartzen duen artistetako bat. Dantzalekuko bere lana zaharberritzeak aukera ematen du modu guztiz naturalean uztartzek oNafarroa Oinezen bitartez garatzen diren proiektu garrantzitsuenetako bi: Oinez Basoa eta Artea Oinez.
Oinez Basoaren interpretazio kartela
Kartelaren edukia eta diseinua Iņigo Aritza Ikastolan landuko dira. Kartelak Oinez Basoa proiektuaren berri emango du, oro har, eta baita bertako proiektuari buruzko informazioa ere. Kartelaren diseinua ikuspegi inklusibotik landuko da, eta irisgarritasun irizpideak kontuan hartuta zehaztuko da haren kokalekua.