Logotipoa

Nafarroa Oinez 2027 logotipoak egitura horizontal trinkoa du, eta gurean sakonki errotua dagoen ikurra da protagonista: zortzi puntako izarra. Euskara bezain gurea den elementu honen bidez, mezu bat zabaldu nahi dugu: OINEZ, HERRITIK ERROTIK.

Lizarra izarrez betea dago. Zortzi puntako izarra nonahi agertzen zaigu: hiriaren armarri zaharrean, zigiluetan, pergaminoetan, harresietan, ateburuetan... Euskara bera bezalaxe. Aspaldidanik entzun baita gure hizkuntzaren zurrumurrua hiriko kaleetan zehar. Eta biak, izarra eta euskara, gure hiriaren identitate dira.

Lizarra Ikastolaren ikurrean ere aurki dezakegu izarra. Ez da kasualitatea. Ikastola herritik eta auzolanetik sortua da; hiriari sakonki errotua, eta euskara, komunitatea, lurraldea eta kulturaren inguruan eraikia. Sortu zenetik ia sei hamarkada igarota, Ikastolarik gabe, Lizarra ez litzateke gaur egun dena izango. Sustrai horietatik ere sortu da gure leloa: herritik, herritik sortutako proiektua garelako; errotik, sustrai sakonak ditugulako, eta horietatik hazi eta aurrera egin nahi dugulako.

OINEZ hitza identitatearen elementu nagusia da. Letra larriz idatzia, tipografia mardulez eta nortasunez betea; O letra izar bihurtzen da, irudi geometriko sendoa sortuz. Diseinuak bakuntasunaren alde egiten du: elementu gutxi, baina esanahiz josiak. Irudi garbi, zuzen eta ezaguterraza; forma bakoitzak, bere izateko arrazoiarekin batera, Oinez 2027 aplikazio ezberdinetan sortu eta bizitza hartzeko adina moldakortasun eskaintzen duena.

Kolorea ere kontakizunaren parte da. Tonu gorrixkak udazkenera garamatza, Oineza bere atarian ospatzen baita; baina lurraz, ilunabarraz eta zumakeaz ere hitz egiten digu, azken hau Lizarrako paisaiaren bereizgarri izaki. Izar iheskor batek logotipoaren letrak zeharkatzen ditu. Eta burua altxa, zerua begiratu, eta izar uxoa zeharkatzen ikusten dugun gisa berean, desioa ere irudikatzen du: hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen normalizazioan aurrera egitea.

Nahi horrek iragana, oraina eta etorkizuna lotzen ditu. Gure aurretikoen ametsa gure ondarearen parte da, eta guk orain haien lekukoa jasoko dugu. Erro berdinetatik, komunitatea egiten eta euskararen erabilera zabaltzen jarraitu nahi dugu.

Oinez, herritik errotik.



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia