ERRELATUA ETA PROIEKTU ESTRATEGIKOA

1. ERRELATUA: HERRIAREKIN ETA HIZKUNTZAREKIN KONPROMETITUTAKO IKASTOLA

Duela mende erdi baino gehiago, Lizarran, familia talde ausart batek erabaki bat hartu zuen, erantzukizun historiko bat berea eginez: seme-alabei euskarazko hezkuntza eskaintzea, eskubide hori oraindik bermatuta ez zegoen garai batean. Lehen gela hura ez zen soilik ikastetxe baten hasiera izan; eraldaketa sozialerako, herritik sortutako proiektu kolektibo baten lehen harria izan zen.

Lizarra Ikastola auzolanetik jaio zen, hezkuntza komunitatea herrigintzarako tresna eraginkorra dela sinetsita. Ordutik, kooperatiba gisa sendotu gara, hezkuntza komunitate kohesionatu gisa hazi gara eta Lizarraldeko eragile, sozial, aktibo eta konprometitua bihurtu gara.

Gure izateko arrazoia argia da: kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea, pertsonak osotasunean hezten dituena eta gizartearekiko konpromisoa sustatzen duena. Euskararen egoera oraindik ere ahula eta desorekatua den eskualde batean, gure egitekoa esparru akademikotik harago doa: hizkuntza transmisiorako gune gara, komunitate euskalduna eraikitzen dugu eta normalizazioan eragiten dugu eguneroko praktikaren bidez.

Baina gure proiektua ez da soilik hizkuntzara mugatzen. Ikastolen eredua herritik sortua eta herriarentzat eraikia da: kooperatiboa, autonomoa, inklusiboa, parte-hartzailea eta inguruari errotua. Familiek proiektuaren parte izateko aukera dute, hezkuntza ez baita zerbitzu hutsa, baizik eta komunitate osoak elkarrekin eraikitzen duen egitasmo partekatua.

Nafarroa Oinez 2027 mugarri izango da ibilbide horretan. Nafarroako ikastolen ordezkaritzan arituko gara eta aukera paregabea izango dugu gure proiektuaren sendotasuna eta etorkizunerako ikuspegia erakusteko.

Ez dugu soilik jaialdi bat antolatuko. Komunitatea sendotzeko, proiektua estrategikoki indartzeko eta etorkizuna elkarlanean eraikitzeko prozesu kolektibo bati ekingo diogu. Nafarroa Oinez 2027 ez da helmuga bat; bide partekatu baten urrats sendo eta esanguratsua baizik.

2. PROIEKTU ESTRATEGIKOA: BALIABIDEEN NORABIDEA

2.1 Patioaren eraldaketa progresiboa: hezkuntza eta herri gune naturalizatu baterantz

Patioa berez hezkuntza espazioa da, baina gure kasuan, horrez gain, herritarren topagune eta erabilera partekatutako gunea ere bada. Lizarra Ikastolak espazio hau Lizarraldeko herritarren eskura jartzen du eskola ordutegitik kanpo, herrigintza egiteko eta komunitatearen sendotzea bere misioaren parte direlako.

Gure helburua da eraldaketa prozesu bati ekitea, espazio naturalizatuago, inklusiboago eta gure hezkuntza ereduarekin zein herri ikuspegiarekin koherenteago baterantz. Patioa, beraz, ez da soilik ikasleen aisialdirako lekua; herritarren eguneroko bizitzan estrategikoa izan daitekeen espazio irekia eta dinamikoa ere bada.

Proiektua hausnarketa eta diseinu parte-hartzailearen fasean dago. Irakasleen, ikasleen eta familien ikuspegia txertatzeaz gain, komunitatearen begirada ere aintzat hartu nahi dugu, espazioaren erabilera askotarikoa eta inklusiboa bermatzeko.

Lan-ildo nagusiak hauek izango dira: berdeguneen handitzea, jasangarritasunaren hobekuntza, jolas libre eta kooperatiboa sustatzea, bizikidetza errazten duten espazioen sortzea eta dinamika baztertzaileak murriztea. Aldi berean, aire libreko ikaskuntza hezkuntza praktikaren parte sistematikoa bihurtu nahi dugu, eta patioa herriarentzat topaleku atsegin, seguru eta funtzional bilakatu.

Ez da hobekuntza estetiko hutsa; kanpo espazioaren eraldaketa pedagogikoa eta komunitarioa baizik, herriari irekitako espazio bizi, inklusibo eta esanguratsu, baten aldeko apustua.

2.2 Instalazioen eguneratzea eta egokitzapen pedagogikoa

Kalitatezko hezkuntzak diskurtso pedagogikoaren eta espazio fisikoaren arteko koherentzia eskatzen du. Lizarra Ikastolaren kasuan, helburua harago doa: hezkuntza proiektuaren bidez ekarpen soziala egitea eta herriarentzat balioa sortzea.

Gauzak horrela, baliabideak hainbat espazio, instalazio eta ekipamendu berritzera eta eguneratzera bideratuko ditugu, inguruneak aniztasunari hobeto erantzun diezaion eta hezkuntza-komunitate osoarentzat espazio duin, irisgarri eta erosoak bermatzeko.

Helburua argia da: Lizarra Ikastolan ikasi nahi duen orok bertan lekua izatea, jatorria edo egoera edozein dela ere.

Esku-hartze hauek hezkuntza zerbitzuaren kalitatea sendotzeaz gain, gizarteari egiten zaion ekarpena indartuko dute, ikastola herriaren zerbitzura dagoen proiektu bizia dela berretsiz.

2.3 Zorra murriztea eta finantza sendotzea

Lizarra Ikastolak azken urteetan egindako inbertsioek —hezkuntza proiektua garatzeko eta komunitateari kalitatezko eskaintza bermatzeko beharrezkoak izan direnek— egiturazko zorra sortu dute. Testuinguru demografiko zorrotz batean, erantzukizunez eta ikuspegi kolektiboz jokatu behar dugu.

Lortutako baliabideen zati bat finantza-karga murriztera eta proiektuaren oreka ekonomikoa sendotzera bideratuko da. Helburua ez da soilik egonkortasun ekonomikoa lortzea, herritik sortutako hezkuntza eredua etorkizunean ere irisgarri, sendo eta jasangarri izatea bermatzea baizik.

Ardatz honek ez dio soilik premia puntual bati erantzuten; erabaki estrategikoa da, kooperatiba eredua sendo eta iraunkor mantentzeko, hurrengo belaunaldiei proiektu egonkor, ireki eta sozialki konprometitua bermatuz.

3. PROIEKZIOA ETA KONPROMISOA

Nafarroa Oinez 2027 ospakizun kolektiboa izango da, baina baita bozgorailu bat ere.

Euskara eskubide eta kohesio sozialerako tresna gisa aldarrikatzeko gunea izan nahi du; ikastolen eredua —hezkuntza proiektu propio eta kooperatiboa— balioan jartzeko erakusleihoa; eta auzolana eta erantzukizun partekatua indartuko dituen komunitate ariketa.

Lizarra Ikastola herritik sortu zen, eta herriarekin batera etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi du. Nafarroa Oinez 2027 gure konpromisoaren adierazpen kolektiboa izango da: iraganetik indarra hartuta, oraina sendotuz eta etorkizuna elkarlanean eraikiz.



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia